Lauaizeta ikastola Europako hizkuntza gutxituei buruzko proiektu batean murgildu da Rennesko ikastetxe batekin batera
Intxaurrondoko Lauaizeta ikastola Europako Breizheuskadi proiektuan sartu da, Rennesko (Bretainia) beste ikastetxe batekin batera; hizkuntza gutxiei eta euren kulturari eta identitateari buruzko da proiektua.
Lauaizetako DBH-ko hirugarren mailako ikasleek proiektuaren logoa egiten ari dira, ikastetxearen sarreran jartzeko. Logoa garatzeko, Posidonia Estudioko Maria Romero Laspiurren laguntza izan dute, hiru dimentsiotako inpresioaren teknikak ezagutzeko hainbat ikastaro eskaini baitizkie Romerok.
Hilaren 17an aurkeztuko dute logoa Lauaizetan, 14:00etan. Romero bera, ikastetxeko zuzendaritza eta proiektua garatzen ari diren ikasleak eta irakasleak izango dira aurkezpenean. Logoa aurkezteaz gain, proiektuaren nondik norakoak azalduko dituzte, eta Euskal Herriko zein Bretainiako kantuak abestuko dituzte.