Modernitateari uko egiten dion 'E-resistente' batekin izan dira Atzean Zuloakoak
Atzean Zuloa Youtubeko kanalaren denboraldi honetako bosgarren umorezko esketxa ikusgai dago jada: E-resistentea. Modernitateak dakarren guztiari bizkarra ematen dion gazte batekin izan dira oraingoan: ez du Whatsapp erabiltzen, ez du Internet bidezko ordainketarik egiten eta gainontzekoak kritikatzen ditu halakoak egiteagatik. Ordea, inkomunikazio etengabean bizi da.
Bagera elkarteak eta Hiru Damatxok sortutako proiektua da Atzean Zuloa, eta laugarren denboraldian daude: ostiralero zabaltzen ari dira umorezko esketxak, martxoaren 12ra arte. Hain zuzen, hedabide honek Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua aktoreak elkarrizketatu zituen denboraldiaren hasieran. Gainera, orain arte plazaratutako esketx guztiak Atzeanzuloa.eus webgunean daude ikusgai.
E-resistentea-ren aurretik, denboraldi honetan Bakarra Munduan, Auzoko zezena, Metalezko sagua eta Mastertxof esketxak argitaratu dituzte.