Reala punturik gabe itzuli da Levanteren aurkako norgehiagokatik
Levanteko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: Levante UD. Partida lehiatua izan da Buñolen (Valentzia) Levanteren eta Realaren artekoa, baina Reala esku hutsik itzuli da Donostiara, 3-2 galdu ostean. Txuri urdinak bitan aurreratu ziren markagailuan, baina valentziarrek berehala berdintzea lortu zuten, eta bigarren zatian aurrea hartuta garaipena poltsikoratu zuten.
Hamairugarren minutuan aurreratu zen Reala, Nahikari Garciaren gol bati esker, baina handik bederatzi minutu eskasera Levanteko Estherrek gola egin eta berdinketa lortu zuten. Donostiarrek, baina, erasokor jarraitu zuten, eta 22. minutuan berriz aurrea hartzea lortu zuten, Nahikariren beste gol batekin. Poztasunak, baina, gutxi iraun zuen, handik zazpi minutura Levantek berdinketa lortu baitzuen Zornotzaren gol batekin. Lehen zati zirraragarria izan zen, ordu erdi eskasean lau gol igo baitziren markagailura.
Natalia Arroyo Realeko entrenatzaileak adierazi duenaren arabera, markagailuak ez zuen zelaian gertatutakoa islatzen: “Lehen zatian hobeto jokatu dugula uste dut”. Bigarren zatia berdinduago hasi zela uste du entrenatzaile katalanak, baina 66. minutuan “markaje akats” bat dela eta, Levantek aurrea hartu zuen markagailuan. Gol honen ostean, berdinketaren bila joan ziren Realeko jokalariak, baina ez zuten berdinketa lortzeko golik egin, eta 3-2ko markagailuarekin amaitu zen partida.
Sailkapena
Nahiz eta partida hau galdu, dinamika onean murgilduta dago Natalia Arroyoren taldea; izan ere, ligako lehen hemezortzi partidetan bost galdu ditu bakarrik, eta zazpigarren postuan daude sailkatuta. Galdutako partida guztiak, gainera, sailkapenean aurretik dauden taldeen aurka izan dira: Levante, Tenerife, Bartzelona, Atletiko Madril eta Madril CFF.
Tenerife du Realak aurretik sailkapenean, puntu berdinekin, 31, baina talde kanariarrak bi partida gutxiago jokatu ditu. Atzetik, Sevilla du Realak, 28 punturekin, baina bi partida gehiago jokatu dituzte andaluziarrek.


