Saretxe plataformak 'Gu ez goaz inora' kanpaina abiatu du, Groseko etxebizitzaren arazoari aurre egiteko

saretxe Saretxeren mobilizazio bat iazko urrian, Groseko kaleetan. (Argazkia: Beñat Parra)

Groseko Saretxe plataformak hasiera eman dio Gu ez goaz inora kanpainari, auzoko etxebizitzaren arazoari eta horren erantzuleei aurre egiteko. “Gure bizilagunek egunero ikusten dute nola putre funtsek zein beste eragile espekulatiboek (higiezinen agentziek, partikularrek, eta abar) gure bizitzekin negozioa egiten duten, auzoa eta bizilagunen arteko harremanak suntsituz”, azaldu dute sare sozialetan.

Saretxeren aburuz, Azora, Sareb, BlackStone eta “askoz gehiago” dira arazoaren erantzuleak eta “bizilagunak isilpeko erbestera kondenatzen dituztenak”. Gaineratu dutenez, “kontratuen berritze eza, higiezinen mobbing-a, eta abar dira prozesu honen osagai nagusiak”.

Nabarmendu dute kanpaina aspaldi hasi zuten prozesu baten hurrengo pausoa dela, eta azaldu dute lehenengo urratsa “auzoan ematen diren eraso guztien identifikazioa” izango da, “jakinda eraso guzti hauen helburu nagusia gure etxeak uztaraztea dela, auzoa bera produktu gisa saltzeko”. Era berean, gogoratu dute duela hilabete batzuk “aholkularitza kolektiboa” jarri zutela abian, auzoko abokatu talde batekin: “Astelehenero arratsaldeko 20:00tan zure zain izango gara, elkar ezagutu, esperientziak konpartitu eta arazoei modu kolektiboan aurre egiteko”, azpimarratu dute. Horretaz gain, gogoratu dute etxebizitzarekin edozein arazo izanez gero, etxebizitza.gros@gmail.com posta elektronikora idatzi dezaketela Groseko bizilagunek.

Bestalde, nabarmendu dute Saretxe ez dela Donostian etxebizitzaren auziarekin kezkatuta dagoen eragile bakarra, eta Egia kaleko 22. zenbakiko bizilagunei elkartasuna adierazi diete, Sareb enpresarekin borrokan dabiltzalako Egiakoak: “Haien borroka ere gurea delako!”.

 

HITZAkide HITZAkide