Intziri talde feministak bere ibilbidea hasi du, eta martxoaren 8ra begira jarri dira
Intziri neska* gazteen taldeak aurkezpen ofiziala egin du larunbat arratsaldean Intxaurrondoko Letaman gaztetxean, eta bere ibilbideari hasiera eman dio. 30 lagun inguru izan dira aurkezpenean, eta Intzirikoak pozik agertu dira taldearen lehenengo agerraldi publikoarekin: “Oso pozik gaude aurkezpenera bertaratutako neska* gazteen kopuruarekin, eta aurkezpenean atzeman da jendea antolatzeko motibatuta dagoela, saretzeko beharra ikusten dugulako”.
Azaldu dutenez, azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan hasi ziren Intziri taldea egituratzeko antolatzen, “barrura begirako eta kanpora begirako behar batzuetan oinarrituta”. Hain justu, nabarmendu dute aurkezpenean behar horiek berretsi dituztela: “Gaur ikusi dugu neska* gazte talde baten beharra dagoela Donostian. Horretaz gain, ondorioztatu dugu deskolonizazioa, emakume presoen egoera, botere harremana gazte mugimenduetan, talde eta kidegoaren zaintza direla landu behar diren gaiak”.
Horrela, martxoaren 8ko Emakumeen Egunera begira jarri direla azpimarratu dute: “Gaurkoa, martxoaren 8rako garatuko dugun lanketaren lehenengo urratsa izan da. Izan ere, Intziritik ere erantzun bat emango diogu martxoaren 8an”. Bestalde, “eskerrak” eman dizkiete aurkezpenera bertaratu diren “neska* gazte guztiei”: “Bidea elkarrekin egingo dugu”.