Eusko Alkartasunak 'Nahi dugun Donostia' dokumentua aurkeztu du
Prozesu parte-hartzaile baten bidez Donostiako eragile eta herritarren iritziak jaso eta gero, Nahi dugun Donostia dokumentua plazaratu du Eusko Alkartasuna alderdi politikoak, “nahi dugun Donostiako eredurantz aurrera egiteko”.
Horrelako hiri-eredua proposatu du Eusko Alkartasunak: “Donostia hiri atsegina izatea nahi dugu, giza eskubideak errespetatzea, oroimena berreskuratzea eta beste gobernantza-eredu bat izatea, gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta asoziazionismoa areagotzeko; hiri plurala, irekia, berritzailea eta ingurumena errespetatzen duena nahi dugu. Auzo biziak dituen hiri bizi bat, eta, horretarako, auzoek zerbitzuak eskaini behar dituzte, pertsona guztientzako giza eskubideen erreferentea den hiria eta berdintasun- eta errespetu-arloko adibidea. Hiri parte-hartzaileagoa da, eta herritarren ahotsa ere entzungo da erabakiak hartzeko orduan. Guztion onerako lan egiten duen hiria”.
Denetariko alorretan proposamenak egin ditu EAk, “nahi” duten hiri-eredu hori erdiesteko. Euskara, kultura, berdintasuna, sustapen ekonomikoa, mugikortasuna, gizarte ongizatea, justizia, kirola, hirigintza, eta hezkuntza dira alor horietako batzuk.