Udal gobernuak 2021eko aurrekontua onartzeko adostasun zabalagoa lortzea du helburu
EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernuak eskua luzatu die gainerako hiru udal taldeei. 2021eko aurrekontuak onartzeko adostasun zabalagoa lortu nahi dute. Aurrekontu proiektua otsailaren 3an aurkeztu zuen udal gobernuak. Bihar hasiko dira bilerekin, eta Elkarrekin Donostia udal taldearekin elkartuko dira. Eneko Goia alkateak, Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak eta PSE-EE-ko bozeramaile Marisol Garmendiak osatuko dute udal gobernuaren ordezkaritza. Ostegunean PPrekin elkartuko dita, eta ostiralean EH Bildurekin.
Eneko Goia alkateak adierazi du, udal gobernuak beti izan duela borondatea adostasunak lortzeko gainerako udal taldeekin. “Une zailak bizi ditugu, eta bilera hauen bitartez ahalik eta adostasun zabalenak lortu nahi ditugu, izan ere, hiriarentzat ona izango da”. 2021eko aurrekontuak “babes sendoa” behar duela esan du Goiak, eta horretarako hitz egiteko eta ados jartzeko prest dagoela udal gobenua: “Espero dugu egoera berezi honek gobernuaren eta oposizioaren ohiko dinamika apurtzea, eta guztiok bat egingo dugun gutxieneko batzuk lortzea”. Ildo beretik, nabarmendu du 2021eko aurrekontu proiektua “zuhurra” dela, etor daitekeen egoerari aurre egiteko moldatzeko irekia dagoela, eta hiria suspertzeko balio behar duela.
Udal taldeek martxoaren 4a arte dute epea aurrekontuari zuzenketa aurketzeko. Horiek guztiak martxoaren 18ko Ogasun batzordean eztabaidatuko dira.