Zeintzuk dira Donostiarekin muga egiten duten udalerriak?
Urtarrilaren 25etik Donostia perimetralki itxita egon ondoren, neurriak malgutu egin ditu Eusko Jaurlaritzak, eta aurrerantzean udalerri mugakideetara joan daitezke herritarrak, kasu hauetan: jarduera sozioekonomikoak egiteko, aire zabalean kirola egiteko eta maila profesionaleko eta erdi profesionaleko kiroletako entrenamenduetara edo lehiaketetara joateko. Neurri hori, gutxienez, martxoaren 5era arte egongo da indarrean, eta pandemiaren eboluzioaren arabera erabakiko dute luzatu edo ez.
Horrela, donostiarrak honako udalerrietara joan daitezke aipatu jarduerak egitera: Oriora, Usurbilera, Lasarte-Oriara, Andoainera, Zizurkilera, Hernanira, Astigarragara, Oreretara eta Pasai Antxora. Ziur asko, donostiar askok ez zuten jakingo Zizurkileki Donostiarekin muga egiten duela, baina hala da, hiriak lau barrendegi baititu –Zubieta (Usurbil eta Lasarte artean), Landarbaso (Hernaniren eta Oreretaren artean), Urdaburu (Ereñozutik gora) eta Artikutza (Goizuetako lurretan dago, baina udalaren jabetzakoa da), eta Zubietakoak Zizurkilekin muga egiten du. 2017. urtean Batix Ezeiza argazkilariak argazki erreportaje bat argitaratu zuen IRUTXULOKO HITZAn, eta “udalerriaren muga ofizialak” argazkien bitartez aztertu zituen.
Oinez egiteko ibilbideak
Kirola aire librean egiteko aukera ugari eskaintzen ditu hiriak, hiru hondartzetako ibilbideaz, Pasealeku Berriaz, Urgullez edo ohiko parkeez harago. Zehazki, 140 kilometro ditu oinez edo bizikletaz egiteko, balizaz seinalaturiko zirkuituetan. Herri mugakideetara joateko planak ere asko dira. Segur aski, ezagunenak hiru dira: Uliatik Pasaiara doan ibilbidea, Nafarroa etorbideko gasolindegian hasten dena gutxi gora behera, eta Kostako Done Jakue bidearen zati bat; Igeldotik Oriora, luzeagoa, Done Jakue bidearen beste zati bat; eta Urumea ibaiaren ertzetik ia-ia Astigarragara iristen den bidea, hiruetan lauena. Beste aukera batzuk: Usurbilera oinez Igaratik hasita, Ibaetako kanpinaren bidetik edo Igeldotik hasita. Lasarte-Oriara ere badago bidea, errepide ondotik doana. Horretaz gain, bizikletan ere ibilbide ugari egin daitezke.