Añorga Txikiko pabiloien eremuan 248 etxebizitza eraikiko dituzte
Donostiako Udalak Añorgako Geltokia azpieremuko plan berezia onartu du. Firestone lantegi berreskuratua dagoen eremuko pabiloiak eraistea aurreikusten du, eta leku horretan 248 etxebizitza eraikiko dituzte. Horietatik, 156 libreak izango dira eta 92 sozialak –46 babes ofizialekoak eta 46 babes tasatukoak–.
Eneko Goia alkateak ez du zehaztu noiz hasiko diren eraikinak botatzen, jabetza pribatukoak direlako, baina laster izango dela adierazi du. “Gunearen birsorkuntzaren barruan sartzen den jarduera da hau, industria erabilerak kenduz eta horien ordez etxebizitza erabilera ezarriz, aldi berean espazio libreak sortuz”, gaineratu du.
Añorgako Geltokia azpieremuak 39.183 metro karratuko azalera du, eta Añorga Txiki hirigintza esparruaren barruan dago, bertara sartzeko bidearen eta Euskotrenen trenbidearen artean, ekialdetik muga egiten duena, zati batean trenbidea integratuz. “Gaur egun, Amassorrain Ikastola, erabilera partzialeko bi industria eraikin, etxebizitza kolektiboko eraikin txiki bat eta familia bakarreko bi etxe eta merkataritza jarduerarako instalazioez osatutako talde bat daude”, azaldu du Goiak.
Plan bereziaren xehetasunak
Añorga Txikiko hirigunean integratutako “bizitegitarako garapen berri bat” aurreikusten du, besteak beste, plan bereziak. “Multzoaren ingurumen kalitatea hobetzeko aukera emango du, bai eta ekipamenduaren birkalifikatzea ere, ekipamendu berriak antolatuz edo daudenak handituz, eta espazio libreak ezarriz”.
Zehazki, hiri multzoaren harremanetarako plaza bat antolatzea planteatzen da. Horren inguruan, tokiko ekipamendu berriak jarriko dira. Horrez gain, lehendik dagoen Amassorrain ikastolaren lursaila handituko da etorkizunean hau handitzeko aukera izateko, eta sarbide nagusia hobetu eta berriz urbanizatuko da. Era berean, gaur egun lurpean dagoen zatian Añorgako erreka aire zabalera irekitzea aurreikusten da. Aurreikusitako hirigintza garapena gauzatzeko aukera emateaz gain, Euskotrenen trenbide sare mugakidearen egonkortasuna bermatu ahalko da, eta geltokia hurbildu eta integratu. Ondorioz, hiri multzoari trenbide zerbitzua emateko baldintzak hobetuko dituzte.