Astiñeneko zubi berriaren lanak datorren urtera arte luzatuko dira
Geldirik daude Astiñeneko zubiaren lanak. Dagoeneko hainbatetan atzeratu dute obra bukaera, eta beste atzerapen bat izango du. Iazko azaroan Donostiako Udalak lanen beste luzapen bat onartu zuen, eta aurtengo irailerako zubia bukatuta egotea aurreikusten zuen udalak, baina ez da horrela izango. Hedabide honek jakin ahal izan duenez, urte bukaerarako edo datorren urte hasierarako bukatuko dituzte lanak.
Udaleko iturrien arabera, eraikuntza enpresen arazo baten ondorioz atzeratuko dute berriz ere obra. Murias enpresa da zubia eraikitzeko adjudikazioduna, eta Madrilgo enpresa batek erosi ostean, Astiñeneko zubiaren lanak ez ditu bideratu. Izan ere, Burgosko ingeniaritza enpresa bat arduratuko da zubiaren taula eta egitura egiteaz, eta ordainketa jaso arte ez dira hasiko. Udaleko Obra eta Proiektuen sailak jaso du proiektuaren 3D simulazioa, eta udaleko teknikariak aztertzen ari dira. Ondo bidean, otsaila bukaerarako taula eraikitzen hastea espero du udalak.
Bi urte
Egia eta Loiola lotuko dituen Astiñeneko zubi berriaren lanak 2019. urte hasieran hasi zituzten, eta pasa den urteko udarako bukatuta egon behar zuten. Hamabost hilabeteko epea zehaztu zuen kontratuak, eta 3 milioi euroko aurrekontua. Ordea, iazko martxoan atzerapen bat onartu zuen udalak, eta 2021eko otsailean ezarri zuen lanen bukaera epea. Urumea ibaian kokatzeko zutabeek eragin zuten atzerapen hori. Izan ere, azkenik 1,5 metroko diametroa izango dute, eta ez 2 metrokoa.
Tamainaren aldaketak proiektua atzeratu zuen. Irailean, berriz, proiektuaren beste aldaketa bat onartu zuen udalak, eta 2021eko irailaren 14ra bitarte luzatu zuten lanak bukatzeko epea. Gainera, 300.000 euroko garestitzea ere onartu zuten. Azkenik, azaroan beste atzerapen bat onartu zuen udalak, eta dagoeneko %10eko gainkostua pilatu du proiektuak.