Udala Kutxabankekin bilduko da, Bidebietako bulegoa berriz irekitzeko eskatzeko
Donostiako Udala Kutxabankekin bilduko da datorren astean, Bidebietako bulegoaren itxieraren harira. Hala azaldu zuen astelehenean Maria Jesus Idoeta Auzoetako zinegotziak, EH Bilduko Zigor Etxeburuak Espazio Publikoaren batzordean egindako galderaren ondoren.
Kutxabankek auzoko bulegoa itxi zuen iazko azaroan, eta Bidebietako Auzokide auzo elkarteak 1.200 sinaduratik gora bildu zituen banketxeari eskatzeko bulegoa berriz ireki dezala. Izan ere, Bidebietakoek Trintxerpeko bulegora edo Intxaurrondokora joan behar dute orain, eta horrek zailtasunak sortzen ditu auzoko adineko pertsonentzat –batez beste, hiriko beste auzoetan baino jende zahar gehiago bizi da Bidebietan–, baita auzoan saltokiak eta tabernak dituztenentzat ere. Horregatik, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen abenduko udalbatzarrean, udalari eskatzeko Kutxabankekin hitz egin zezan, bulegoa berriz irekitzeko; aho batez onartu zen.
Udala Kutxa Fundazioaren bazkide sortzailea da, eta hori aintzat hartuta joango da Kutxabankekin egingo duen bilerara. Idoetaren arabera, udalak eskaera ofiziala bidali zion banketxeari, baina arduradunek adierazi zuten ez zutela halakorik jaso. Hala ere, udala datorren astean bilduko da Kutxabankekin, gaia jorratzeko. “Espero dezagun bilera emankorra izatea eta arazoarentzako irtenbide bat ateratzea”, adierazi du Auzokidek sare sozialetan.