1936ko gerrako argazki argitaragabeak, San Telmo museoan
'Kearen eta lanbroaren artean' erakusketa ikusgai izango da bihartik aurrera. Sigfrido Koch Bengoetxea argazkilariaren argazki bildumak osatzen du erakusketa.
2019an Koch familiak Sigfrido Koch Bengoetxea argazkilariak egindako 150 argazki inguru eman zizkion dohaintzan San Telmo museoari. Irudi horiek Kearen eta lanbroaren artean erakusketan ikus daitezke, eta maiatzaren 23ra arte zabalik izango da. Juantxo Egaña eta Lee Fontanella dira erakusketaren komisarioak.
“Erakusketaren izenburu bizefalikoak bi momentu historiko eta bi modalitate estilistiko ordezkatzen ditu Sigfrido Kochen bizitzan eta obran. Kontraesanean daudela diruditen bi mundu ordezkatzen dituzte inoiz argitaratu gabeko argazki hauek: pertsona bakarraren obra dira, ordea”, azaldu du Lee Fontanella komisarioak.
Batetik, orain arte argitaratu gabeko 1936ko gerrako 90 argazki ditu erakusketak. Hegazkin alemaniar eta italiarrek egindako bonbardaketen ondorioak erakusten dituzten argazkiak daude, esaterako: Gernika, Durango edota Zornotza suntsituta eta hildako hainbat pertsona erakusten dituzten argazkiak, hain zuzen. Donostia ere azaltzen da: 1938an ateratako argazki bat dago, adibidez. Argazki horretan Kursaaleko zubian frankistek (gerrako garaileek) eraiki zuten garaipen arkua ikus daiteke.
“Ez dakigu zein intentziorekin egin zituen gerrako argazki hauek, baina tropen atzetik joan zen sarraskiaren argazkiak ateratzen”, azaldu du Juantxo Egaña komisarioak. Argazkien testuingurua hobeto ulertzeko, garaiko zenbait aldizkari, litografia, eta argazki ere erakusgai daude.
Bestetik, 1948ko País Vasco: Guipúzcoa argitalpenean jasotako 65 argazkik osatzen dute erakusketaren bigarren zatia. Tradizioak, dantzariak, pilotariak, segalariak, baserritarrak, eta zenbait herritako paisaia agertzen da argazki horietan. Donostia azaltzen da: Okendo jauregiaren argazki bat dago.
Koch sendiari eskerrak eman dizkio Juantxo Egaña komisarioak, “museoari, Donostiari eta Euskal Herriari egin dioten dohaintzagatik”. Argazkiak maiatzaren 23ra arte egongo dira ikusgai San Telmo museoan.
Ondorengo argazkiak dira erakusketak ikusgai dauden sei: