Lauaizeta ikastolak 'Breizheuskadi' proiektuaren logo fisikoa aurkeztu du
Intxaurrondoko Lauaizeta ikastolak Europako Breizheuskadi Erasmus + proiektuaren logo fisikoa aurkeztu du, eta ikastetxearen harreran jarri dute. Rennesko (Bretainia) Pierre Mendes ikastetxearekin batera daude proiektuan, eta hizkuntza gutxituei buruzkoa da. Bro Gozh bretoierazko ereserkia eta Guk euskaraz kantuak abestu dituzte aurkezpenean.
DBHko hirugarren mailako plastikako ikasleek garatu dute logo fisikoa. Horretarako, Posidonia Estudioko Maria Romero Laspiurren laguntza izan dute. Hiru dimentsiotako inprimatze teknikak landu dituzte berarekin lau saioko ikastaro baten bidez.
Iaz proiektuan parte hartzen duten ikasle guztien artean logoaren diseinuaren lehiaketa bat egin zuten, eta Lauaizetako bi ikaslek irabazi zuten. Logo fisikoa egiten hasi ziren, baina konfinamenduarengatik bertan behera utzi behar izan zuten.
Erasmus + elkarlan proiektu honek Europako diru-laguntza bat jaso du, eta hiru urteko iraupena dauka. Era berean, multidiziplinarra da eta 2. zikloko ikasleei zuzendurikoa. Elkarlanerako eTwinning plataforma erabiltzen dute ikasleek, hainbat tresna dituelako; foroak, txatak eta bideo-deiak. Lauaizetako webgunean ikusgai dago eTwinning proiektua.