"Donostiak zaintza-sistema berria behar du", EH Bilduren ustez
EH Bilduren arabera, Donostiako Udalak aurkeztutako 2021eko aurrekontuko gizarte gastuak “ez ditu kontuan hartzen pandemiaren ondorioak”. Are, Olaia Duarte EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, “Eneko Goiaren Gobernuak krisiaren ondorioei aurre egiteko partida sozial garrantzitsuenak izoztu ditu”.
Donostiako Udalak azaldu du gizarte gastua %4,9 igoko dutela: aurrekontua 33,4 milioi eurokoa izango da, 2020an baino 1,5 milioi euro gehiagokoa. Diru horretatik, milioi bat Villa Salia egokitzeko bideratuko dute. Hala ere, EH Bilduren ustez, “Donostiak zaintza-sistema berria behar du”, eta gizarte gastuan izandako murrizketak eta izozteak salatu ditu.
Gizarte laguntzei dagokioenez, “ez da partidarik edo programarik sortu hiriko kaleetan bizi den etxerik gabeko gero eta jende gehiagori erantzuteko”, azaldu dute. Haurren babeserako partidak murriztu izana ere salatu du koalizioak. Berdintasun-politikari dagokionean, berriz, “genero-eragina duten 40 programetatik 27tan murrizketak daude; horietako 14tan %35 baino gehiagokoak”, EH Bilduk salatu duenez.
Orokorrean, EH Bilduk salatu du udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuak “arruntak eta kontinuistak” direla.