Eguzkik gogorarazi du udalak eskumena duela metroko lanek eragindako isurketak zigortzeko
Urtebete pasa da metroko lanek Urumea ibaira isurketak egin zituztenetik. Zehazki, Agirre Lehendakariaren zubi parekoa izan zen esanguratsuena. Eguzki talde ekologistak isurketa horiek salatu zituen, eta Donostiako Udalak hasiera batean adierazi zuen ez zela bere eskumenekoa isurketa horiek zigortzea. Horrela ere, lanen arduradunei gutxienez hiru isun jarri dizkietela nabarmendu du Eguzkik.
Mirakontxa-Easo zatiko enpresa elkartzeari 3.000 euroko isuna jarri zioten, eta berehala ordaintzeagatik 2.400 eurokoa izan zen zigorra. Easo plaza inguruan egindako beste bi isurketengatik 3.000 (2.400 euro) eta 1.500 (1.200) euro ordaindu behar izan zituzten. Hiru isurketetatik bi “oso larriak” eta hirugarrena “larria” zela ebatzi zuten, baina isunak “huskeria bat” direla dio Eguzkik. “Batez ere, Zubieta kaleko luiziek metroko obretan ekarri duten gainkostuarekin alderatuta”.
Eskumena
Urumeako lehen isurketa gertatu zenean, udalak horrelakoak zigortzeko eskumenik ez zuela adierazi zuten Eneko Goia alkateak eta orduko Ekologia zinegotzi Enrique Ramosek. “Komunikabide guztietan errepikatu zuten, ezbairik gabe metroarekin dituzten erantzukizunak saihestu nahian”, dio Eguzkik. Ordea, udalak horretarako eskumena duela azpimarratu dute: “Hau da, Udalak bazuen, badu, horrelako isurketak zigortzeko eskumena, Ur Hornidura eta Sanemanduko Arauaren bitartez. Hain justu, horixe izan da isunak ipintzeko erabili duen tresna”.
Eguzkiren ustez, eskumenaren kontua “aitzakia” gisa erabili zuten Goiak eta Ramosek. “Metroko erantzuleak zigortu nahi ez zituztenez, bururatu zitzaien lehen aitzakia bota zuten. Izan ere, edozer esan dezaketela uste dute, herritarrok arrain memoria dugula sinetsita”.