Pablo Hasel askatzeko eskatuko dute gaur Ikasle Abertzaleek

Pablo Hasel rap abeslari katalana herenegun atxilotu zuten, “terrorismoa goratzea, eta monarkiari eta segurtasun indarrei irainak” zuzendu izana egotzita. Horren aurrean, Ikasle Abertzaleek rap abeslari katalana askatzeko eskatu dute, eta elkartasuna adieraziko diote gaur Ibaetako kanpuseko ikasgelategiaren azpian 14:00etan egingo duten elkarretaratzean. Demokrazia burgesaren aurrean, proletalgoaren adierazpen askatasuna defendatu! lelopean egingo dute elkarretaratzea.
“Demokrazia burgesaren izaera totalitarioaren barruan” ulertu dute Ikasle Abertzaleek Pablo Haselen atxiloketa: “Azken denboraldian oinarrizko eskubideem urraketa sakona bizitzen ari gara eta Pabloren atxiloketa honen adibide argia da. Erregimen espainolari oposizioa egiten dion oro epaitua eta jazartua den bitartean, burgesiaren morroiek –faxistek kasu– adierazpen askatasunaren eskubidea osoki gauzatzen dute”, adierazi dute.
Herenegun ere elkarretaratzea egin zuten Bulebarrean, Piztu Donostiak antolatuta, Pablo Hasel askatzeko eskatzeko.