'Maixabel' filmeko irudi batzuk Aieten grabatu dituzte
Otsailaren 8an hasi ziren Aieten Iciar Bollain zuzendari madrildarraren ‘Maixabel’ filma grabatzen. Bollainen hamaikagarren filma izango da hau, eta Maixabel Lasaren historia kontatuko du. Lasaren senarra Juan Maria Jauregi politikaria zen, eta 2000. urtean ETAk hil zuen; Lasa erakundeko militanteekin hitz egin zuen lehenengotariko biktima izan zen.
Filma Gipuzkoako hainbat herritan ari dira grabatzen, Pasaian, Oreretan, Oiartzunen eta Tolosan, esaterako, eta Donostiako Aiete auzoan jada egin dituzte kaleko grabaketak. Filma Kowalski Films eta FeelGood ekoizleen artean ari dira egiten, eta RTVE, EiTB eta Movistar + telebista kateen parte hartzea du. Blanca Portillo aktore madrildarrak egingo du Maixabel Lasaren papera. Soinu banda, berriz, hamaika Goya sari irabazitako Alberto Iglesiasek egingo du.