Planeta hemen hasten delako, zuhaitzak landatu!
U-30 Aldaketaldia joan dela dirudi. Ordea, hasi baino ez da egin. Klima aldaketak eta pandemiak dakarren krisialdi ekologikoak behartu aurretik sistema eta bizimodua aldatzera, jarrai dezagun. Zuhaitzak landatuko ditugu, baina hobe genuke daudenak matentzea berdeguneak kontserbatuz.
Bukatu berri da 2021eko U-30 Aldaketaldia izeneko egitasmoa, Larreko Mahaia deiturikoak sustatu duena, bizi dugun larrialdi ekologikoaren aurrean gizartea esnarazteko asmoz. Txikitik handira, guretik mundu mailara joateko, eta denok, kontzientzia hartuta, zulora garamatzan sistema aldatzen hasteko. Planeta hemen hasten delako lelopean makina bat jarduera egin dira Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat herritan. Haritzalderen ekarpenik handiena zuhaitzak landatzea izan da. Bertako zuhaitzen hiru landaketa herrikoi antolatu ditugu tokian tokiko elkarteekin batera.
Izena ematen dion datan, urtarrilaren 30ean, gizarte mugimendu ugarik bat eginez manifestazioa egin genuen Donostian, eta lelo zein aldarrikapenak askotarikoak izan ziren: Metroari stop, Errausketarik ez, Belartza 2 gelditu, Olatu faktoriari ez, Antondegi berdea, Artifizializazio gehiagorik ez… Gehien entzun zena, ordea, hauxe izan zen: Aldatu sistema, ez klima. Donostiako Udala eta gainontzeko erakunde publikoek klima krisialdiaz dihardute, baina marketing berdea besterik ez dirudi. Noizko benetako aldaketa?
Donostiak 10.000 zuhaitz landatu berri ditu
Udalak Larrialdi Klimatikoa aitortu du erakunde mailako adierazpen ofiziala plazaratuz. Txalotzen dugu, aitorpena lehen urratsa delako, baina hitz politetan eta ongi apaindutako diskurtso hutsean gelditzeko arriskua du. Politikak eta lehentasunak aldatzeko aukera paregabea da, beharbada azkena, eta momentuz ezer gutxi aldatzeko asmoa dagoela iruditzen zaigu. Aldaketaren beharra ia denok ikusten dugu, aldatzeko prest gutxi batzuk daude, eta aldaketa gidatzeko ez dago inor.
Donostiako Udalak orain arte gauza bat saldu du, hiri berdea eta iraunkorra, eta kontrakoa egin ohi du iraganari eutsiz. Plan Orokorraren berrikuspenari helduko dion honetan aldaketarako aukera paregabea du. Bitartean, hobe luke ingurune naturalaren suntsiketa eta artifizializazioa suposatzen dituzten proiektu eta egitasmoak baztertzea, eta gelditzen diren gune berdeei eustea, Plan Orokor berrian blindatuz. Hor daude oraindik fisikoki landa eremua diren Belartza Goikoan eraiki nahi duten industria merkataritza gunea eta Antondegiko olatu faktoria. Erokeriak, oraindik gehiago dira aipaturiko ingurumarian, baina udala hor dabil buru-belarri interes pribatuak denona den interes publikoaren gainetik jarriz.
Klima aldaketaren aurka eta ondorioen aurrean zuhaitzak ditugu lagun, eta horien alde egin behar dugu, gure osasun fisikoak zein burukoak, besteak beste, eskertuko dutelako. Hortaz, udalak negu honetan 10.000 zuhaitz landatu behar zituela jakin genuenean ikaragarri poztu ginen. Goraipatzeko ekintza txalogarria da, ezbairik gabe. Horregatik, hain zuzen ere, ulertezina zaigu landare txikiak jarri bitartean tamaina handiko zuhaitzak eta basotxoak txikitzen jarraitzea. Kontraesan hutsa. Hor dago arazoa!
Lasarte-Oriak ezaguna den marka baten denda Donostiako mugan kokatzeko bigarrenaren onespena behar zuen, handik eraikiko baita lotura. Horrek Añorgako baso eremu baten suntsiketa ekarriko du, eta Belartza 2 eginez gero zuhaitz andana suntsituko lirateke. Martuteneko 27 Industrialdeko errepide berriak ere haritz ederrak botako ditu, eta Antondegiko mendiko olatuak tsunamia eragingo lukete landaredia desagerraraziz. Zoritxarrez, orain arteko politikarekin babesturiko basoa ere arriskupean dago, Lourdes Txikin ikusi zen legez. Horregatik guztiagatik, zuhaitz gehiago bai, baina daudenei eutsiz.
Loiolako Erribera eta Txomiñenea
Aldaketaldiari urtarrilaren 24an eman genion hasiera Loiolako Erriberan, Erribertxo Kultur Elkartearen laguntzaz ibai ertzeko pasealekuan. Duela urte batzuk ibai saihetseko basoa berreskuratzen hasi ginen, landaketa herrikoiak tarteko, eta poliki-poliki badoa. Txomiñenean Ibai parkea amestu genuen, eta ibar basoa bertan. Tamalez, proiektuaren berri etxegileen proiektutik heldu zitzaigun oso zuhaitz gutxirekin. Lanberri auzo elkarteari ere inork ez zien galdetu. Berehala bat egin zuten gure landaketa proposamenarekin, eta otsailaren 7an egin genuen. Arrakastatsuak izan ziren, beste 150 zuhaitz landatu genituen beste hainbeste boluntariorekin. Izen ematea ireki gutxira bete zen zerrenda. Ia 200 lagun gelditu dira itxarote zerrendan, baina lasai, laster gehiago!
Altzon ere izan ginen. Bitartekari lanak egin genituen udalarekin eta Lurgaia Fundazioarekin. Horri esker lankidetza hitzarmena sinatu dute hango baso lurrak bertako basoa izan daitezen. Horixe da Lurgaia Fundazioaren xedea, lurrak erostea edo hitzarmenen bidez ekizaintzan hartzea bertako basoa berreskuratzeko eta kontserbatzeko helburua. Bizkaian hasi ziren baina orain Gipuzkoan ere badaude. Haritzalde Fundazioan sartu da, baina gure bazkide eta lagun ugari ere ari dira Lurgaiako kide egiten [www.lurgaia.org]. Eta zu, animatuko al zara?