Realak 0-4 galdu zuen bart Manchester Uniteden aurka
“Hobeak izan dira”. Horrela laburtu zuen Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak atzoko partida, Manchester Uniteden aurka 0-4 galdu ostean. Realak jokatzeko era zehatz bat duela gehitu zuen Alguacilek, baina emaitza ona lortzeko balio izan ez zuela azpimarratuz. Bruno Fernandes portugaldarrak egin zuen lehen gola 26. minutuan, eta 57.ean bigarrena sartu zuen. Marcus Rashford gazteak egin zuen hirugarrena, eta azken minutuan Daniel James galestarrak itxi zuen markagailua.
Hala ere, ingelesek gol gehiago egiteko aukerak izan zituzten, baina Alex Remiro Realeko atezaina sendo ibili zen partidan, eta Unitedek emaitza hobea lortzea ekidin zuen. Reala ere erasokor ibili zen partidan, baina azken metroetan determinazio falta nabarmena izan zuten donostiarrek. Nahiz eta erasora jo, arrisku sentsaziorik gabeko erasoak ziren. Beroketan Aritz Elustondo beasaindarra lesionatu zen, eta horrek Alguacil eskema aldatzera behartu zuen.
Anoetan izan behar zuen atzoko partidak, baina Turinen jokatu zen azkenean, Erresuma Batuko hegaldiek debekatuta baitzuten Espainiako Estatura sartzea. Hau dela eta, Realak itzuliko partida ere zelai neutral batean jokatzea eskatu du, txapelketa ahalik eta justuena izan dadin. Hala eta guztiz ere, oso zaila izango du Realak final zortzirenetara igarotzea, gutxienez lau gol sartu beharko baititu hurrengo partidan, kanporaketetan aurrera egiteko.