Acciona eta Altuna eta Uria enpresek egingo dute Altzako kiroldegiko ingurumariaren obra
Altzako kiroldegiaren lanak aurrera doaz, baina kiroldegiaren ingurumariak egokitzeko obra oraindik hasi ez den gutxienetariko bat da. Kiroldegiak irailerako amaituta egon behar duenez, premiazko prozedura baten bidez egin dute obra hau esleitzeko lehiaketa. Bi enpresa aurkeztu dira lehiaketa honetan: bata, garailea, Acciona eta Altuna eta Uria enpresek osatutako taldea; eta bestea, Moyua. Azken honen proiektua prezioa urriegia izateagatik bota zuen atzera udalak. 831.726 euro izango da, gutxi gora behera, lanen kostua, eta datozen hilabeteetan hasiko da.
Aldaketak
Darieta eta Berra kaleak elkartzen diren puntuan biribilgune bat egitea izango da aldaketa nagusia, eta kiroldegiaren ondoan dagoen aparkalekua aldatu egingo dute. Bestalde, Darieta kaleko espaloiaren zati bat ere berrituko dute. Aldaketa nagusiak, baina, lurpekoak dira; izan ere, gorotz uren konexioak berrituko dituzte, baita euri uren kudeaketarako sare berria egitea ere. Kaleko argiak ere berrituko dituzte, eta azkenik Olaeta Ikastetxearen sarrera hobetuko dute.