Garaipen txuri urdinak nagusitu dira asteburuan
Alexander Isak lehen goleko jaurtiketa egiten. (Argazkia: Reala) Manchester Uniteden aurka 0-4 galdu ostean, Reala gogotsu joan zen Alavesen aurkako derbira, eta 4-0 irabazi zuten Imanol Alguacilen jokalariek. Alexander Isak suediarra izan zen arratsaldeko izarra, hiru gol egin baitzituen, bere lehenengo hat trick-a elastiko txuri urdinarekin. Azken gola Cristian Portugues Portuk egin zuen, David Silva kanariarraren pase bati esker.
Alexander Isakez gain, David Silvak ere partida bikaina egin zuen Anoetan; erasoa gidatu zuen gizona izan zen, eta bi asistentzia eman zituen. Garaipen honekin, azken bost partidetan puntuak lortu ditu Realak, hiru garaipen eta bi berdinketekin. Emaitza on hauei esker, bosgarren postuan egonkortzen ari da Reala, Vila-realek, seigarren sailkatuak, berdindu egin baitzuen atzo Athleticen aurka.
Belar Hockeyan, Realeko neskek R.S. Tenis Santanderren aurka irabaztea lortu zuten Bera Beran, 1-0, Maider Altunaren gol bati esker. Emitza honi esker, azken postuak atzean uzten ari dira txuri urdinak, eta zortzigarren sailkatutik, C.H. Sardinerotik, geroz eta gertuago daude. Izan ere, Sardinerok hamabost puntu ditu, eta Realak, berriz, hamasei.
Atletismoan, Realak hiru domina lortu ditu Espainiako Txapelketan. Tessy Ebosole 18 urteko gazteak bi domina lortu zituen, zilarrezkoa luzera jauzian, eta brontzezkoa jauzi hirukoitzan. Bestalde, Eneko Carrascalek ere zilarrezko domina lortu zuen, jauzi hirukoitzan.
Arraunean, Aulki Mugikorreko Distantzia Luzeko Espainiako Txapelketa egin zen Castrelon (Galizia), eta Ur Kirolak arraun taldeak hiru brontzezko domina lortu zituen: Peru Jauregik eta Unai Loyartek (2-JM), June Baldak eta Ane Unzuetak (2xCF) eta Beñat Santosek (1xCM).

