Ibaetako campuseko hainbat ikasle Zorroaga aretoan sartu dira
“Ibaetan gela berri bat langile klasearentzat”. Horrela aldarrikatu dute Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB) osatzen duten ikasleek gaur goizean egin duten ekintza. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitatearen Ibaetako campuseko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen eta Psikologia Fakultatearen artean dagoen Zorroaga aretoan sartu dira: “Lan politikoa egiteko azpiegitura beharrak eta dekanotzaren jarrera pasiboak mahaian kolpe bat jotzera” eraman dituela ziurtatu dute.
Ikasleek adierazi dutenez, “birusaren aitzakiapean” jardun politikoa aurrera eramateko erabiltzen zuten espaziorik gabe utzi zituen unibertsitateak: “Hori gutxi balitz, argudio bera erabiltzen jarraitu dute eurekin negoziatzen ahalegindu garen bakoitzean”. Ondorioz, “negoziaketa prozesua berrartu” behar dela adierazi dute: “Politika egiteko bermeak ziurtatuko dituen unibertsitateko langileriaren espazioa izan dezagun nahi dugu”, azaldu dute.
Unibertsitateko Indar Batasunak urtarrilaren amaieran askatasun politikoen aldeko kanpaina martxan jarri zuen, Unibertsitateko langile klasearen askatasun politikoen alde, ekin antolakuntzari! lelopean. UIBren arabera, “COVID-19aren aitzakiapean martxan jarri den ofentsiba burgesak unibertsitateko langile klaseko sektoreen baldintza materialen kaltetzea nabarmen ekarri du. Askatasun politikoen urraketa ere eragin du: ikasle gelak itxi dituzte eta garbitzaileei greba eskubidea ukatu diete”.
Horren aurrean, UIBk adierazi du “beharrezkoa” dutela unibertsitatean “gure antolakuntzarako ezinbestekoak diren azpiegitura eta bermeen gaineko kontrola” izatea. Unibertsitateko langile sektoreen baldintza materialak defendatzea eta antolakuntza artikulatzea ezinbestekotzat jo dituzte. Hori aldarrikatzeko, otsailaren 17an elkarretaratzea egin zuten, Unibertsitateko langile klasearen askatasun politikoen alde lelopean.