Arteleku plaza eraikitzeko lanen adjudikazioa abiatu dute, eta urte amaierarako prest egongo da
Donostiako Udalak Txomiñeneko Arteleku plaza urbanizatzeko lanak kontratatzeko espedientea onartu du, eta Eneko Goia alkateak nabarmendu du “urte amaierarako edo 2022aren hasierararako” plaza amaituta egongo dela. Lanak adjudikatzeko prozesua orain abiatuko dute, eta sei hilabeteko epean adjudikatzea aurreikusten du alkateak; ondoren, adjudikazioa jasotzen duen enpresak bost hilabete eta erdiko epea izango du lanak gauzatzeko. Proiektuaren aurrekontua 1.741.384 eurokoa da.
Goiak azpimarratu du Arteleku plazako proiektuak herritarren parte-hartze prozesu bat duela oinarri, eta horretara aurkeztu ziren hamalau ideiak aintzat hartuta idatzi zela behin betiko proiektua. Horrela, plaza bi eremutan banatuko dute, baina Urumea parkearen eta Txomiñeneko kale nagusiaren arteko bide diagonal batek lotuko ditu bi zati horiek.
Plazaren esparruak
Alde batetik auzoko bide berriaren aldetik gertuen egongo den plazaren zatian, “erabilera anitzeko eremu garbi bat sortuko da”. Alkatean nabarmendu du eremu horretan auzoko jaiak eta bestelako jarduerak egin ahal izango direla, egoerak ahalbidetzen duenean. “Goiko eskuineko izkinan, ur-jokoak jarriko dira, lurrean iturriak izango dituena, apaingarri gisa eta udan umeek jolaserako erabili ditzaten. Erdiko gune hori parterre berde handiak izango dituen eraztun batez inguraturik egongo da, landaredia eta zuhaitzak dituztela”, gaineratu du.
Horretaz gain, plazaren etxadiaren erdialdean, “ibilgailuen zirkulazioa duten kaleetatik urrun eta lorategien ondoan”, haurrentzako jolastoki bat egingo dute, kautxuzko lurrarekin eta gurasoentzako bankuak izango dituen gune estali batekin.
Plazaren bigarren espazioari dagokionez, komentutik hurbil eraikiko dute, auzoko ibai parkearen luzapen eta parkearen eta auzoaren arteko lotura gisa. Hain zuzen, plazako perspektiba altu batetik ibai parke osoa ikusi ahal izango da. “Erriberaren berezko zuhaiztia etxadiaren goiko eta eskuineko izkinara iritsiko da, eta bi tokien artean landare jarraitutasuna izango du. Parketik hurbilen dagoen eremuan, adinekoentzako kirol gune bat eraikitzea aurreikusten da”, gaineratu du alkateak. Era berean, azpimarratu du saskibaloi kantxa batzuk eta futbol zelai batzuk ere jarriko dituztela, “auzoko kirol ekipamendu eza behin-behinean konpontzeko”.