Egia parkera igotzeko bidea itxiko dute hobekuntza lanetarako
Azken hilabeetan lur-irristatzeak izan ditu Egia parkera igotzeko bideak. Hori dela eta, bihartik aurrera bidea itxiko dute lurraren egoera aztertzeko. Zehazki, plataforma bat jarriko dute harrobiko materialarekin, eta plataforma horren gainean zundaketa makina bat.
“Hainbat konponketa egin dira ezpondan, baina emaitza ez da guztiz ona izan, eta ondorioz, lurra berriro mugitu da. Makina honekin lurraren egoera xehetasunez aztertu nahi dugu, irtenbide egoki bat proiektatu ahal izateko”, azaldu du Hiri Mantenuko zinegotzi Miguel Angel Diezek.
Bidea bihar itxiko dute, eta hiru egunez luzatuko dira egin behar dituzten lanak. Igotzeko bideari eragingo dio, bihurguneraino, eserlekuak eta zuhaitzak dituen espazio txikiraino. Bide mozketaren berri emateko seinaleak jarri ditu udalak. Oinezkoentzako segurtasuna bermatzeko, bide mozketa lan orduetan egingo dute: 8:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 17:00etara.