Lasa eta Zabala "bi tiro" jota hil zituzten, Donostian torturatu eta gero
Público hedabideak Mikel Zabalza Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean jasandako torturen ondorioz hil zela agerian uzten duten grabazioak argitaratu ditu. Zabalza atxilotu zutenean CESID-eko (Centro Superior de Informacion de la Defensa) koronela zen Luis Alberto Peroteren eta Galindoren aginduetara zegoen Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat da grabazioa, eta Zabalza Intxaurrondon hil zela adierazten dute: “Esku artetik joan zaie, galdeketan gelditu zaie”, dio Gomez Nietok.
Hala ere, Miguel Angel Llamas eta Amaia Merino zinemagileek aurkitutako grabazioa luzeagoa da, eta Ahotsa.info atariak publiko egin du. Perotek eta Gomez Nietok Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren hilketaz hitz egiten dute, hil zituzten moduaz, hain zuzen: “Bi tiro, kaputxarik gabe”. Pluralaren lehen pertsonan hitz egiten du Gomez Nietok.
Lasa eta Zabala 1983ko urriaren 15ean bahitu zituen GAL taldeak Baionan. Iheslariak Alacanten (Herrialde Katalanak) bortizki erail baino lehen, Aieteko La Cumbre jauregian eduki zituzten bahituta. Bertan, torturak pairatu zituzten gau eta egunez.