Askabide klinikakoen ustez, abortuaren aurkakoen jarrera "tamalgarria" da
Easo kaleko Askabide klinikaren aurrean astebete baino gehiago daramatzate abortuaren aurkako hainbat pertsonak. Sexu-osasun zentro bat da, eta garizuma osoa (otsailaren 17tik apirilaren 3ra) igaroko dute katoliko sutsuek klinikaren aurrean, abortuaren aurkako mezua zabalduz. Askabide klinikakoek argi adierazi dute beraien iritzia: “Zer pentsatzen dugun? Oxala ez baleude: ez hemen, ez inon”.
Ez da lehenengo aldia, Askabidekoen esanetan: “Gabonen inguruan etorri ziren Jainkoak egin zuen basamortuko ibilbidea berdindu nahian. Izan ere, mundu mailako ekimen bat omen da. Orain garizuma osoa egin behar dute aste santura arte. Egia da azken bi-hiru urtetan ez direla etorri, baina lehenago bazetozen. Gainera, oldartu egiten zitzaizkigun eta pazienteei gauzak esaten zizkieten. Epaiketetan bukatu genuen, eta galdu egin genuen: erasotzen ez gintuztenez ez zegoelako non heldurik. Adierazpen askatasuna, orain hain modan dagoena”.
Askabide klinikakoek “eskerrak” eman dizkiete “gauzak esaten dizkieten jendeari”. Izan ere, “20 urtetik gora daramate bai klinika, bai bertaratzen diren emakumeak jazartzen, eta hori onartezina da” salatu dute Amarako feministek. Horregatik, emakumeen eskubideak defendatzeko antolatu dira: “40 egun horietan zehar, arratsaldero beraien aurrean jarriko gara gure aldarriekin. 18:00ak aldera, ordubetez, gutxi gora-behera”.
“Tamalgarria da hemen egotea pertsona horiek 2021. urtean aldarrikapen horrekin”, Askabide klinikakoen arabera. Gainera, haurdunaldiaren etenaldia egitera joaten diren emakumeei kalte egiten diela adierazi dute: “Etenaldia egitera datozen emakumeak animikoki eta fisikoki nola datozen ikusita, kanpoan hauek izatea ez da erraza beraientzat”.
Klinikan haurdunaldia eteteaz gain, ginekologia, obstetrizia, eta urologia jorratzen dituzte, eta COVID-19aren probak ere egiten dituzte.