Emakumeen Etxeko bazkideen kopuruak gora egin du
Emakumeen Etxeak COVID-19aren ondorioz bere zerbitzu nagusiak egokitu ditu, eta oztopoak oztopo, bazkideen kopuruak gora egin du. “2013an erregistratutako 253 emakume bazkideetatik 1.544 izatera igaro gara 2019-2020 ikasturtearen amaieran”, adierazi du Ane Oiarbide Donostiako Udaleko Berdintasun zinegotziak. Konfinamenduko hilabeteetan zerbitzu nagusiak telefono bidez eta online eskaini zituzten. Ordutik hona, zerbitzu eta jarduerak berregokitu edo kendu behar izan dituzte, segurtasun neurriak betetzeko.
Programatutako jardueretan parte hartu duten pertsonen gehiengoak 55 urte baino gehiago ditu, “adin talde horrek denbora libre gehiago duelako”.
Denetariko jarduera eta zerbitzuak eskaintzen ditu Emakumeen Etxeak: emakumeentzako sexu-aholkularitzako zerbitzu berezia, aholkularitza juridiko eta psikologikoa, eta autodefentsa feministako ikastaroak, besteak beste. Udazkenean 15 eta 20 urte bitarteko neskentzako ahalduntze-gunea jarriko dute martxan.