Iztueta kaleko pasabidea eraisten ari dira
Astelehen gauean ekin zioten Iztueta kaleko pasabideko elementu zentralak eraisteari, eta dagoeneko pasabidearen zati bat suntsituta dago. Laster trenaren katenaria lekuz aldatuko dute: zubitik zintzilik dago, eta behin-behineko euskarri batzuetara eramango dute. Lanak gauerdia eta 05:00ak artean egiten ari dira, trenen joan-etorria oso txikia delako. Bi astez arituko dira gauez lan hori egiten.
Obra zibileko zenbait lan egingo ere egingo dituzte, ADIFen zerbitzu berriak egokitzeko: zangak, kutxatilak, kanaletak eta hodiak instalatuko dituzte, zuntz optiko, seinaleztapen eta indarrezko lineak jartzeko. Lan horiek hiru astez egingo dituzte. Mandasko Dukearen eta Egiako galtzadaren aparkalekuetako bide-seinaleak ere margotuko dituzte gau batean.
Donostiako Udalak “barkamena eta ulermena” eskatu dizkie bizilagunei, lanek sor ditzaketen eragozpenengatik.
Otsailaren 1ean itxi zuten trafikoa behin-betiko Iztuetako pasabidean. Hiru aste hauetan egingo dituzten lanak amaitzean, “pilote pantailak” egingo dira eta trenbidearen azpiko bide berria egingo dute. Fase hori abuztura arte luzatuko da, udalaren arabera.
Lanak gauez egiten ari badira ere, gaur goizean ere pasabidea eraisten aritu dira: