Antondegi gainetik itsasoa ikusten da
Irutxuloko Hitzak Martuteneko eremuari eta olatu artifizialen parkeari buruzko erreportaje zabala argitaratuko du ostiraleko astekarian.
Martutene auzoaren, 27 industrialdearen eta Astigarragaren artean dago Antondegi eremua. 97 hektareako berdegune zabal eta naturala da. Itsasoa ikusten da Antondegi Gainetik, eta eremu horretan bertan olatu artifizialen surf parke bat jarri nahi dute. Wavegarden enpresaren aspaldiko proposamena aintzat hartu du Donostiako Udalak, eta kirol instalazioa han kokatzeko prozedura abiatu dute. Hiriko talde ekologista, alderdi eta eragile batzuk proiektuaren aurka agertu dira, eta Antondegiko lurrak erabiltzen dituzten baserritarrak kezkatuta daude.
2010eko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrak Antondegin 3.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzea aurreikusten du. Horretarako, udalak lurrak desjabetu zituen. Orain, ordea, hirigintza proiektu hori baztertu, eta eremua birkalifikatuko dute surf parkea jarri ahal izateko. Urtea bukatu aurretik Plan Orokorra aldatzea espero dute.
IRUTXULOKO HITZAk Antondegi eremuari eta olatu artifizialen parkeari buruzko erreportaje zabala argitaratuko du ostiraleko astekarian. Proiektuaren alde eta kontra daudenen argudioak zein adierazpenak jaso ditu hedabide honek: Donostiako Udal Gobernua, Wavegarden enpresa, Eguzki Talde Ekologista, Surfrider erakundea, Itsas Enara ornitologia elkartea eta Aitor Zapirain baserritarra.