Ertzaintzak ikasleak bota ditu Ibaetako campuseko Zorroaga aretotik bart
Ibaetako campuseko Zorroaga aretotik bota ditu Ertzaintzak gaua pasatzen ari ziren Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB) taldeko hainbat ikasle. Bart gauean gertatu da hori, eta ikasleek “indarkeria poliziala” jasan izana salatu dute. “Unibertsitateko askatasun politikoen urraketa larria da EHUk poliziari unibertsitatera sartzea ahalbidetzea. Unibertsitateko jardun politikoa etetea eta unibertsitateko langile sektoreen kontrola beste helbururik ez du honek”, azaldu du UIBk. “Indar polizialak campusera sartu izana salatzeko eta askatasun politikoen defentsan”, manifestazioa egingo dute gaur, 13:00etan, Ibaetako campuseko Ikasgelategiaren azpitik abiatuta, UIBk antolaturik.
Astelehenean, Euskal Herriko Unibertsitatearen Ibaetako campuseko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen eta Psikologia Fakultatearen artean dagoen Zorroaga aretoan sartu ziren Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB) osatzen duten ikasleak: “Lan politikoa egiteko azpiegitura beharrak eta dekanotzaren jarrera pasiboak mahaian kolpe bat jotzera” eraman dituela ziurtatu zuten. Astearte arratsaldean errektoretzarekin bilera izan zuten, eta errektoretzak “inolako eskaintzarik” egin ez izana salatu zuten ikasleek: “EHUk ez du auziari konponbidea emateko borondaterik eskaini”, azaldu zuten. Horren ondorioz, asteartetik asteazkenerako gaua gelan pasa zuten. Atzo arratsaldean EHUko errektoretzak UIBri jakinarazi zion “hitz egiten jarraitu ahal izateko” ezinbestekoa zela atzo 21:00ak baino lehen Zorroaga aretotik irtetea. Ikasleek asanblada bat egin zuten erabaki bat hartzeko, eta ondorengoa adierazi zuten: “Dokumentu honek ez du inolako bermerik ematen espazioa emateko, ez epe ez espazioaren aukeraketari dagokionez. Horregatik, Zorroaga aretoan geratzea erabaki dugu, askatasun politikoen bermeen faltan”. Bart gaua Zorroaga aretoan pasatzea erabaki dute ikasleek, eta 22:30 aldera Ertzaintzaren hainbat unitate campusera iritsi dira. Ikasleek erresistentzia baketsua egin badute ere, Ertzaintzak Zorroaga aretotik bota ditu: gauerdia pasata, aretoa hustuta zegoen.
“Indar polizialak campusera sartu izana salatzeko eta askatasun politikoen defentsan”, manifestazioa egingo dute gaur, 13:00etan, Ibaetako campuseko Ikasgelategiaren azpitik abiatuta, UIBk antolaturik.
Ertzaintzaren unitate mordo bat campusetik zabalduta ikusi daitezke bideo honetan. Errepresio bortitzez erantzuteko borondate osoa erakutsi du unibertsitateak.? pic.twitter.com/fjAJlmnQUE
— Unibertsitateko Indar Batasuna (@UIBnazionala) February 24, 2021
Askatasun politikoen aldeko kanpaina
Unibertsitateko Indar Batasunak urtarrilaren amaieran askatasun politikoen aldeko kanpaina martxan jarri zuen, Unibertsitateko langile klasearen askatasun politikoen alde, ekin antolakuntzari! lelopean. UIBren arabera, “COVID-19aren aitzakiapean martxan jarri den ofentsiba burgesak unibertsitateko langile klaseko sektoreen baldintza materialen kaltetzea nabarmen ekarri du. Askatasun politikoen urraketa ere eragin du: ikasle gelak itxi dituzte eta garbitzaileei greba eskubidea ukatu diete”.
Horren aurrean, UIBk adierazi du “beharrezkoa” dutela unibertsitatean “gure antolakuntzarako ezinbestekoak diren azpiegitura eta bermeen gaineko kontrola” izatea. Unibertsitateko langile sektoreen baldintza materialak defendatzea eta antolakuntza artikulatzea ezinbestekotzat jo dituzte. Hori aldarrikatzeko, otsailaren 17an elkarretaratzea egin zuten, Unibertsitateko langile klasearen askatasun politikoen alde lelopean.