Ostalariei zergak gutxitzea adostu du udalbatzak
Donostiako Udalbatzak aho batez onartu du zerga arauen ordenantzen aldaketa ostalaritza establezimenduak laguntzeko. COVID-19ak ostalariei eragindako galerak arintzeko, zaborren eta terrazen gaineko zergak gutxituko dizkiete. Zaborren kasuan, ostalariek lokal itxiaren zerga ordainduko dute laugarren hiruhilekoan. Aldiz, mahai eta aulkien tasen hobaria establezimenduen araberakoa izango da. %90ekoa hamar mahai edo gutxiago dituenarentzat, eta %33koa gainerakoentzat.
EAJk eta PSE-EEk osatzen duten udal gobernuaren proposamena eta EH Bilduren zuzenketa babestu dute udal talde guztiek otsaileko udalbatzarrean. Hain zuzen ere, hamar mahai edo gutxiago dituzten ostalaritza establezimenduei %33ko hobaria ezartzea proposatu zuen udal gobernuak, baina EH Bilduk eskatu zuen bonifikazioa %90koa izatea ostalari horientzako. Elkarrekin Donostiak terrazen gaineko tasa erdira murriztea eskatu zuen zuzenketa bidez, baina ez da onartu. Horrela ere, ontzat jo dute udal gobernuak eta EH Bilduk adosturikoa. PPren udal taldeak ere ostalariei laguntzeko ezarritako neurriarekin bat egin du.
Zerga arauen ordenantzaren hasierako onarpena iazko iraileko udalbatzarrean eman zion udalbatzak. Ordutik, ostalaritza berriz itxi zuen Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez, eta gaur egun koronabirusak udalerrietan duen intzidentzia metatuaren arabera itxi edo zabaltzen dira. Egoera horri aurre egiteko laguntzak eskatu dituzte ostalariek, eta Donostiako Udala tasa batzuen inguruan hobaria ezartzea erabaki zuen.