Piraten abordatzerako diru laguntza kentzeko eskatu du PPk
Donostia Kulturaren 2021eko aurrekontu proiektuak 30.000 euroko diru laguntza aurreikusten du Donostiako Piratentzat. Hori jakin orduko PPren udal taldea diru laguntza horren kontra agertu zen. Donostiako Kulturako administrazio kontseiluan eta Ogasun batzordean diru hori kentzeko eskatu zioten udal gobernuari, eta gauza bera egin dute gaur otsaileko udalbatzarrean.
Borja Corominas PPko bozeramaileak adierazi duenez, ez dute ulertzen aurrekontuek aintzat hartzea piraten abordatzea eta ez Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa egitea. “Osasun arrazoiengatik bada, adierazi nahi nuke bi ekitaldietan gertatu izan direla jende pilaketa handiak”, esan du Corominasek. Horiek horrela, abordatzerako aurreikusitako diru laguntza bertan behera uzteko eskatu dio udal gobernuari.
Elkarrekin Donostia eta EH Bildu proposamenaren kritiko azaldu dira, eta PPren eskaerak “motibazio politikoak” dituela adierazi dute. Hau da, diru laguntza kentzeko benetako arrazoia ez dela udal taldeak azaldurikoa. Aldiz, Kultura zinegotzi Jon Insaustik esan du hilabeteko tartean gai honi buruz hitz egiten duten laugarren aldia dela. Donostia Kulturaren 2021eko aurrekontu proiektua babestu du Insaustik, adieraziz 2020ko aurrekontuak dituela oinarri gisa: “Laguntzak mantenduko genituela esan genuen, eta pandemiaren garapenaren arabera ikusiko da exekutatzen diren edo ez”. Bere ustez, udan ezin izango da horrelako jarduerarik egin, baina aurreikusitakoa mantentzearen alde agertu da.
Corominasek ez du ontzat jo gainerako udal taldeek adierazitakoa, eta gauzak “nahastea” egotzi die. Horren aurrean, Insaustik gogorarazi dio aukera dutela 2021eko udal aurrekontuei zuzenketak aurkezteko, eta bereziki Donostiako Piratei ematea aurreikusitako dirua beste zerbaitetara bidera dadin eskatzeko. “Su artifizialetarako diru zati bat proposatu dezakezue, nahi baduzue. Udalak normalean 300.000 euro aurreikusi izan ditu horretarako”.