Zubietako kartzelak 38,8 milioi euroko kostua izango du
Acciona, Cycasa eta Murias eraikuntza enpresen aldi baterako elkarteak irabazi du Zubietako kartzela eraikitzeko lehiaketa publikoa. Espainiako Espetxe Azpiegitura eta Ekipamenduen Sozietateak atzo eman zuen adjudikaziaren berri. Lehiaketara aurkeztu ziren hamar proposamenetatik puntuazio altuena lortu du aipaturiko aldi baterako enpresen elkarteak.
Kartzela eraikitzeko kostua 38,8 milioi eurokoa (BEZa gabe) izango da, hasiera batean lehiaketa publikoan ezarri zen aurrekontua baino %6 txikiagoa –41,3 milioi eurokoa zen–. Lehiaketa publikoa abenduan bukatu zen, eta aurkezturiko proposamenak 35,2 eta 41,1 milioi euro artekoak izan ziren.
Zubietako Norte III espetxe berria eraikitzeko lanak udaberrian hastea aurreikusten dute, eta 22 hilabeteko epea izango dute bukatzeko. Aurreikuspenen arabera, 2023ko udaberrirako bukatuta egongo litzateke.
Kartzelaren ezaugarriak iazko abenduan aurkeztu zituen Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne Ministroak, Donostian egindako prentsa agerraldi batean. 36.000 metro karratu izango ditu espetxeak, eta Eskusaitzetako 28 hektareako lursailean eraikiko dute, erraustegitik gertu. 234 zelda izango ditu –emakumeentzako modulu bat izango du 25 zeldakoa–, eta 500 presorentzako edukiera. Era berean, gizarteratzeko zentro bat izango du, 52 gelakoa. 41 milioi eurotik gorako aurrekontua du proiektuak, eta une honetan lizitazio prozesuan dago. Gaur da azken eguna eskaintzak aurkezteko.