«Denok ulertzen duzue euskaraz?»
Galdera ohikoa izaten da bisita gidatuetan. Baina, ez pentsa gehiengoaren erantzunaren araberako hautua egiten denik halakoetan. Nahikoa izan ohi da ezezko erantzun bakarra euskara albo batera uzteko. Euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun ezintasunaren beste adibideetako bat. Gainera, sarritan ez dira egoera errazak izaten aurre egiteko. Nork izaten du eztabaidan hasteko gogoa? Are gehiago, askoren erantzuna gaztelaniaz egitea ez zaiela axola izaten denean. Aipatutakoaren adibideetako bat da Euskadiko Arkitektura Institutuak antolaturiko ‘Hiru Hiri’ erakusketan gertatu dena: bisita gidatua hasi arte, hizkuntza irizpideak ez dira zehaztu eta egitarauan ere ez dute zehaztu zein hizkuntzetan izango den. Beraz, bertaratutako pertsonen % 80ak euskaraz ulertu arren, % 20ak ez badu ulertzen, gaztelaniaz izan dira lehen bisitak. Beste behin ere, euskara bigarren mailan utziz. Oso garrantzitsua deritzogu, aurretik, hizkuntza irizpideak zeintzuk izango diren zehaztea eta egitarauan aipatzea. Pertsona batzuen kexak jaso ostean, orain bisitak zein hizkuntzatan egingo diren zehaztu dute antolatzaileek.