Europa ligatik kanpo geratu da Reala
Jon Bautista baloi baten lehian. (Argazkia: Reala) Oso zaila zuen Realak Europa ligako hurrengo fasera pasatzea, eta esku hutsik atera zen Old Traffordetik. Joaneko partidan Manchester Unitedek 0-4 irabazi zuen, eta mirari bat behar zuen Realak gutxienez lau gol egiteko. Hamairugarren minutuan Daniel James galestarrak area barruan falta egin zion Andoni Gorosabeli, baina Mikel Oiartzabalek penaltia huts egin zuen, profesional gisa huts egiten duen lehen penalti ofiziala. Realak partida ona egin zuen, baina Manchester Uniteden defentsa sendo ibili zen eta 0-0 amaitu zen partida.
Zorte txarra izan zuen Realak final hamaseiren zozketan, Manchester United une honetan Europan maila onenena erakusten ari diren taldeetariko bat baita. Europa ligako kanporaketa honekin, bi txapelketan jarraitzen du Realak denboraldi honetan: alde batetik, ligako hamalau partida geratzen zaizkio; bestetik, 2019/2020 denboraldiko kopako finala du apirilean, Athleticen aurka.
Nahiz eta aurten Europa ligatik kanpo geratu, aukera asko daude datorren urtean txapelketa honetara itzultzeko. Izan ere, bosgarren postuan da Reala, 41 punturekin, eta atzean Vila-real eta Betis ditu, 37 eta 36 punturekin, hurrenez hurren. Hiru postu hauek dira Europa ligarako txartela ematen dutenak. Hala ere, datozen asteak zailak izango dira Imanol Alguacilen jokalarientzat; izan ere, astelehenean Real Madrilen aurka jokatuko dute txuri urdinek, eta Levante eta Celtaren aurka izango dira hurrengo biak. Martxoaren 21ean, berriz, Bartzelonaren aurka jokatuko dute, eta apirilaren 3an kopako finala.


