Gustuko lekuan, aldaparik ez?
Martuteneko eremu maldatsu batean dago Antondegi lursaila. Azken hamarkada luzean hainbat hirigintza proiektu kokatu dituzte han. Donostiako Udalak lurrak desjabetu zituen etxebizitzak egiteko. Gerora, Loiolako kuartelak hara eramateko aukera sortu zen. Orain olatu artifizialen surf parke bat jarri nahi dute han. Wavegarden enpresaren proposamena da udalak aurrera eraman nahi duena. Hainbat talde ekologista antolatzen hasi dira proiektua gelditzeko.
Itsasoa ikusten da Antondegi gainetik. Martutene auzoaren, 27 industrialdearen eta Astigarragaren artean dagoen 97 hektareako berdegune zabala da. Hainbat baserri eta etxe daude eremuan, eta lurrak nekazaritza zein abeltzaintzarako erabiltzen dituzte. Hain zuzen ere, Antondegi baserria da lursail osoari izena ematen diona. Martuteneko industrialdea eta Sarrueta pasealekua elkartzen diren tokian dago Antondegi Gaina bidea hartzeko bidegurutzea. Errepide estua eta malkartsua da, eta gora iristeko metro askoko desnibela gainditu behar da. Behin iritsita, nahiko laua den belardi bat dago. Eremu hori da aspalditik eraldatu nahi dutena.
Odon Elorza alkatearen udal gobernua izan zen Antondegiko landa eremua eraldatzea erabaki zuena. 2007an Antondegiko 96 hektarea erreserbatu zituen hirigintza proiektu bat garatzeko. 3.800 etxebizitza eraikitzea aurreikusi zuten, gehienak babes ofizialekoak. 2010ean udalak asmoarekin aurrera egitea erabaki zuen, eta Antondegiko lurrak desjabetu zituen. Horrekin batera, urte bereko ekainean onartu zen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean txertatu zuten hirigintza proiektua. Ordutik, ondorengoa da udalak Antondegirako aurreikusi zuena: 3.088 etxebizitza –%85,5 babestuak (2.643) eta %14,5 libreak (445)–, 8.000 metro karratu zuzkidura-bizitokietarako, 38.000 metro karratu hirugarren sektoreko erabilerarako eta 27 industrialdea handitzeko 100.000 metro karratuko zoru industriala.
Hamarkada bat beranduago, Eneko Goia alkatearen udal gobernuak Antondegiko hirigintza proiektua baztertu eta desklasifikatzea erabaki du. Horretarako, iaz abiatu zuten Plan Orokorra aldatzeko prozedura. Antondegi gaineko lurrak birkalifikatuko dituzte bizitegi eta industria erabilera kentzeko. Horren ordez, hektarea batzuen erabilera egokituko dute kirol instalazio bat jarri ahal izateko: olatu artifizialen surf parkea. Gipuzkoako Wavegarden enpresa da azpiegituraren sustatzailea, eta urteak daramatza surf parkea Donostian kokatzeko asmoarekin. Udalak begi onez ikusi zuen hasieratik, eta, azkenik, Antondegin kokatzea erabaki dute.
Aurreko legealdikoa da olatu artifizialen kirol instalazio bat Donostian jartzeko ideia. 2017ko ekainean eman zuten horren berri Donostiako Sustapenak eta Surf City Donostia Klusterrak. Surf parkea Altzan edo Zubietan jartzeko aukera aztertzen ari zirela adierazi zuen prentsa agerraldi batean Ernesto Gascok, orduko Sustapen Ekonomikoko zinegotziak. Wavegarden enpresako Josema Odriozola arduradunak parte hartu zuen prentsaurreko hartan, eta Aizarnazabalgo egoitza eta olatu artifizialen teknologia Donostiara ekartzeko asmoa zutela esan zuen.
Gascok ez zuen Antondegi aipatu, baina bai urtebete beranduago. Ordea, beste hirigintza proiektu batekin lotuta. 2018ko irailean, Loiolako kuartelak Antondegira lekualdatzea proposatu zuen Gascok, PSE-EE udal taldearen izenean. Espainiako Defentsa Ministerioak aukera hori baztertu zuen, eta dagoeneko jakina da Loiolako Hipikako lurretara joango direla.
Udalbatzak babestu du
Urtarrileko udalbatzarrean Antondegiko surf parkearen inguruan eztabaidatu zuten, eta udalbatzaren gehiengoa proiektuaren alde agertu zen. EH Bilduk proiektua bertan behera uzteko eskatu zuen, larrialdi klimatikoaren adierazpenaren kontrakoa dela argudiatuta. EAJk, PSE-EEk eta PPk eskaera baztertu zuten, eta Elkarrekin Donostiak soilik babestu zuen.
«Aurkako ahots asko sortu ditu talde ekologisten eta surfaren sektorearen partetik. Adibidez, Europako surflariek sorturiko Surfrider elkartea azpiegitura horien aurka agertu da», azaldu zuen EH Bilduko zinegotzi Markel Ormazabalek. Horrekin batera, gogorarazi zuen Donibane Lohizunen (Lapurdi) antzeko egitasmo bat bertan behera utzi zela. «60.000 sinadura baino gehiago lortu zituzten proiektua gelditzeko». Bestalde, Elkarrekin Donostiak azpimarratu zuen artifizializatu gabeko eremuak ez okupatzearen irizpideen kontrakoa dela.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak Antondegiko surf parkearen defentsa egin zuen. Kirol instalazioak 97 hektareatatik «soilik» 6,2 hartuko lituzkeela azpimarratu zuen, eta gainerako azalerari landa-eremu izaera emango lioketela. «Antondegiko lursailaren desklasifikazioa izango da ziurrenik Donostian egin den esanguratsuena», esan zuen Arzallusek. PPko Mikel Lezamak ere surf parkearen proiektua babestu zuen, eta hiriarentzat «oso egokia» dela nabarmendu zuen: «Gipuzkoako enpresa bat da, lanpostuak sortuko ditu, dirua ekarriko du eta surfaren mundua sustatuko du».
Udaleko iturriek hedabide honi baieztatu diote Antondegi gaineko hiri antolamendua aldatzeko prozedura aurreratua dagoela, eta «begi onez» ikusten dutela surfari lotutako instalazio bat han jartzea. «Udala lanean ari da Plan Orokorraren hurrengo berrikuspenean hirigune horren antolamendua aldatu eta instalazio mota hau jarri ahal izateko dagokion kalifikazioa emateko. Behin antolamendu berria onartuta, bidea irekiko litzateke surfari lotutako instalazio bat han eraikitzeko». Eperik ez dute zehaztu, baina urtean zehar aldaketaren lehen fasea onartzea espero dute. Horrez gain, proiektuak sektorearen babesa duela azpimarratu du udalak: «Donostia Surf City Klusterraren bidez, surfari loturiko eragileek begi onez ikusten dute horrelako instalazio bat Donostian izatea. Batez ere, eskolek».
Olatu artifizialen teknologia
Gipuzkoako Wavegarden enpresa da Antondegiko surf parkearen sustatzailea. Aizarnazabalen (Gipuzkoa) dute egoitza, eta «surfaren ikerketa zentro teknologikoa» Donostiara eraman nahi dute. Agenda arazoak argudiatuta, enpresak ez ditu erantzun IRUTXULOKO HITZAk bidalitako galderak, soilik proiektuaren txostena helarazi du. «Donostiako egoitza ingurugiroarekiko errespetuaren, ingurumen inpaktu txikiaren eta eraginkortasun energetikoaren oinarriekin diseinatuko litzateke. Gune berri honek erabiliko lukeen energiaren %100 berriztagarria izango litzateke, uraren kontsumoa gutxienekoa era eraikuntzarako erabiliko litzatekeen sistemak apenas eragingo luke lurzoruan», dio Jose Manuel Odriozola enpresaren sortzaileak.
Olatu artifizialen kirol instalazioa Donostian kokatzeko hainbat arrazoi eman dituzte, eta horietako batek Zurriolako hondartzarekin du lotura. «Erratzeko arrisku handirik gabe, Europako surflari saturazio handiena duen hondartza dela esan dezakegu. Gure teknologia, berriz, mundu mailako kalitatea duen olatu aukera zabal bat sortzeko gai da», nabarmendu du Odriozolak. Antondegiko surf parkeak ikerketa, garapena eta jendearen erabilera orokorra uztartuko dituela dio enpresak. Are gehiago, prezioak «demokratikoagoak» izango liratekeela gaineratu dute.
Gaur egun, 100 lanpostutik gora dituzte, eta lantaldea Gipuzkoan mantentzeko, Donostian kokatu nahi dute egoitza. Orain arte, hainbat olatu parkeren teknologia garatu dute Australian, Ingalaterran, Hego Korean, Suitzan eta Brasilen.
«Ez da beharrezkoa»
Surf parkea ez dute begi onez ikusten hainbat talde zein erakunde ekologistek, eta elkartzen hasi dira proiektua gelditzeko asmoarekin. Eguzki, Haritzalde, Surfrider eta Itsas Enarak olatu artifizialen kirol instalazioa gaitzetsi dute, eta guztiek iritzi bera konpartitzen dute: «Ez da beharrezkoa». Eguzki taldeko Juan Mari Beldarrainek Donostiako Udalaren jarrera kritikatu du: «Udalak enpresak baino interes handiagoa du surf parkea jartzeko. Ordea, Donostiako surflariek eta gizarteak ez dute horrelakorik eskatu. Hamar bat urte daramatzate Aizarnazabalen, eta orain arte ondo joan zaie. Beraz, ez dago azalpen teknikorik lekuz aldatzeko. Deslokalizazio bat da egin nahi dutena, herri txiki batetik hiriburura. Enpresari ikusgarritasuna eman nahi diote, leku estrategikoago batean kokatuz. Surfarekin ez du zerikusirik. Beraien teknologia jolas-parkeei saldu diete, aisialdirako».
Irabazi asmorik gabeko Surfrider erakundeak denbora darama surf jasangarriaren aldeko lanean, eta horrelako azpiegituren kontra agertu dira hasieratik. «Larrialdi klimatikoaren kontrakoa da. Gainera, Gipuzkoan hainbat leku daude surfa praktikatzeko. Zurriolako hondartza zoragarria da surferako, eta, beraz, ez du zentzurik Antondegin olatu parke bat jartzeak», nabarmendu du Xavier Curtok, Surfrider erakundeko kideak. Wavegarden enpresak Aizarnazabalgo egoitza ezagutzeko aukera eman die, eta laster bisitatuko dute. Bestalde, Donostiako surf sektoreko eragileekin harremanetan jarri dira beraien iritzia ezagutzeko. «Egin dugun lehen galdeketaren arabera, atera dugun ondorioa da surflariei eta surf klubei ez zaiela beharrezkoa iruditzen. Beraiek ez badute horrelakorik eskatu, zertarako egin?».
Ingurumenaren ikuspegitik, Antondegin surf parke bat jartzeak «ondorio larriak» izango lituzkeela ohartarazi du Itsas Enara ornitologia elkarteak. «Ondorio larriena urbanizatu gabeko ingurune natural bat urbanizatzea litzateke. Korridore berdearen parte den ingurune bati buruz ari gara, zabalera handikoa eta Lau Haizeta parkearekin lotuta dagoena. Proiektuaren ondorioz, Antondegiko ia bizkar osoa urbanizatuko litzateke», esan du Itsas Enara elkarteko Xabier Saralegik. Donostiako korridore ekologikoa edo gerriko berdea gero eta zatituagoa dagoela gaineratu du. «Gerriko berdea donostiar guztion ondasuna da. Denon udalak eta bere burua jasangarritzat hartzen duen enpresa batek hura zaindu beharko lukete».
Antondegin 119 hegazti espezie ditu dokumentatuta Itsas Enarak. «Oso kopuru handia da, tokiaren garrantzi ornitologikoa adierazten duena. Espezie horien artean paseko hegaztiak, negutarrak eta bertako habiagileak daude. Negutarren artean miru gorria nabarmendu dezakegu, arriskuan dagoen hegaztietako bat. Ugaztun espezieak ere badaude: basurdea, orkatza, azeria, erbinudea, basakatua eta urtxintxa, besteak beste», azaldu du Saralegik.
Donibane Lohizuneko kasua
Pasa den urtean olatu parke baten egitasmoa atzera bota zuten Donibane Lohizunen (Lapurdi). Wavegardenen teknika erabiliz, Boadriders enpresak olatu artifizialen azpiegitura bat jarri nahi zuen. Udalaren babesa zuten, baina ez hango surf sektorearena eta herritarrena. 60.000 sinadura baino gehiago bildu zituen Herri Berri taldeak, eta proiektua bertan behera uztea lortu zuten. «Arduragabekeria iruditzen zaigu olatu artifizial bat sortzea olatu naturaletatik kilometro eta erdira», adierazi zuen Peio Etxeberri-Aintxart Herri Berriko bozeramaileak.
Surfrider erakundeak Donibane Lohizuneko kasua oso gertutik jarraitu zuen, eta proiektua gelditzeko baliabideak jarri zituen. «Sinadura asko jaso zituzten, eta egitasmoaren kontrako mezua bateratua zenez, bertan behera geratu zen», dio Curtok. «Donibane Lohizunen ez ezik, Landetan ere beste proiektu bat bertan behera utzi zuten. Akitaniako kontseiluak baztertu zuen, itsasoa hogei kilometrotara zegoelako. Pentsa, Antondegi itsasotik gertuago dago, eta hemengo erakundeek aurrera eraman nahi dute», adierazi du Beldarrainek.
Antondegiko surf parkearen proiektua ere gelditzeko aukera dagoela uste dute Eguzkik, Surfriderrek eta Itsas Enarak. «Uste dut pisuzko argudioak ditugula donostiarrei konbentzitzeko proiektu honek ez duela zentzurik», dio Saralegik. «Hemendik 40 bat kilometrora antzeko proiektu bat bertan behera utzi badute, hemen zergatik ez dugu lortuko?», gaineratu du Curtok. Antondegiko proiektua bera kolokan jarri du Beldarrainek: «Ez dago proiekturik, piszina bat marraztu dute eta ez dute bestelako xehetasunik eman».
Lehen sektorea
Antondegin eta bere ingurumarian dauden baserriek jorratzen dute hango lurra. Lehen sektorerako erabiltzen dituzte, nekazaritza eta abeltzaintzarako. Antondegi gaineko belardia Bordazar baserriak kudeatzen du. Errenterian dago, Astigarragaren eta Donostiaren arteko mugan. Esnea ekoizten dute, eta behien bazkarako belarra Antondegikoa da. Easo plazako eta Arcco merkataritza zentro ondoko makinetan saltzen dute esnea.
«Gure behientzako elikagaia sortzeko leku garrantzitsua da. Batez ere, belarra eta artoa», azaldu du Bordazar baserriko Aitor Zapirainek. «Guk baimena dugu eremua erabiltzeko, baina lursaila erosteko aukera baztertu genuen. Eremua garbitzearen truke erabil dezakegu, eta horrela nahi dugun probetxua atera diezaiokegu belardiari», gaineratu du. Antondegi gaineko belardia ondoko baserri batena zen, baina animaliak kentzean ez zuten erabiltzen. «Baserrikoak gure ezagunak zirenez, guk hartu genuen berdegunearen ardura».
Prentsaren bidez jakin zuten surf parkea Antondegin kokatu nahi dutela. «Ez genekien ezer, egunkarian irakurri genuen arte. Dena dela, belarra egiten ari ginela, tarteka teknikari batzuk azaldu dira lurraren kalitatea neurtzera. Noski, guk ez genekien zertarako zen, baina orain bai», dio Zapirainek. Kezkatuta daude olatu artifizialen proiektuarekin. «Guretzat onena den lursailean jarri nahi dute. Inguruko lurrak sasiz beteta daude, eta aldapatsuak dira. Proiektua aurrera eramaten badute kaltegarria izango da guretzako».
Zapirainen ustez, horrelako azpiegiturek lehen sektorea baztertzen dute: «Ez diote garrantzia ematen egiten dugun lanari. Orain asko hitz egiten da ekologiaz eta klima aldaketaz. Guk lursailak txukun eta berde mantentzen ditugu». Pandemiaren eraginez, jendeak leku garbi eta berdeetara joateko beharra sentitu duela dio Zapirainek. «Antondegi horrelako leku bat da, Donostian bertatik bertara dagoena. Hori kendu behar badigute, azkenean Donostia hormigoiz josiko dute berdegune guztiak desagerrarazita».