'Nor-Nai' bazen nor
Ignacia Zabalo Ballarin XX. mendean lanbidez marrazkilari izandako lehen emakumea izan zen. Donostian jaio zen 1905ean, eta 'Argia' eta 'Agere' aldizkarietan publikatu zituen bere marrazkiak, besteak beste. 1939an bonba batek hil zuen Bartzelonan.

Bidebietan, Trintxerpetik oso hurbil, Nornahi plaza dago. Izen bitxia du, normalean pertsona edo leku izenak izaten dituztelako plazek, baina horrek edonori erreferentzia egiten diola dirudi. Hala ere, Donostiako Udalak jarri berri duen plakari erreparatuz gero, argi geratzen da pertsona jakin baten omenez duela izen hori: Ignacia Zabalo Ballarin zuen izena. 1905an jaiotako emakume donostiar bat zen, eta 1939an hil zen, Bartzelonan. 34 urteko bizitza laburrean arrastoa utzi zuen emakume hark. Izan ere, XX. mendean lanbidez marrazkilari izandako lehen emakumea izan zen Ignacia Zabalo. Ez zuen inoiz marrazkirik bere izenarekin sinatu: Nor-Nai zen ezinenez.
Zortzi anai-arrebako etxean jaio zen Donostian. Bere anaia Pablo Zabalo arkitekto ezaguna izan zen: Kolon pasealekuko eta Ramon Maria Lili kaleko etxebizitzak diseinatu zituen, besteak beste. Baina Ignaciarengan eragin handiena izan zuena bere beste anaia bat izan zen: Jon Zabalo Txiki marrazkilaria. Gerra aurreko ikastoletan haurrek irakurtzen ikasteko Martin Txilibitu liburuxka erabiltzen zuten, eta Txikirenak dira liburuko marrazkiak.
1925etik aurrera, ‘Nor-Nai’
Ignacia Zabalok txikitatik marraztu zuela pentsatu daiteke, baina 20 urterekin hasi zen marrazkiak argitaratzen. 1925eko Argia-ren egutegian sinatu zuen lehen aldiz Nor-Nai. Egutegi gehiagotarako marraztu zuen, baita Irungo jaietako liburuxkan ere. Marrazki gehienak Elizak bultzatutako aldizkari batean egin zituen. Agere aldizkaria neskatila gazteentzako idazten zuten. Denetariko marrazkiak agertzen dira liburuxka erlijiosoan: ez dute bereziki erlijioarekin loturarik. Garaiko gizartea irudikatzen duten marrazki kostunbristak dira asko, eta umoreak ere garrantzia du, txantxak tartekatzen baitituzte zenbait marrazkik.
Aitzindariak izan ziren Ignacia Zabaloren marrazkiak, garai hartako prentsako ilustratzaile gehienenak bezala. Bere anaia Jon Zabaloren antzeko estiloa bazuen ere, Nor-Nai-k joera handia zuen elementu dekoratiboak jartzeko: arabeskoak, askotan.
Izen artistikoa ere esanguratsua da. Emakume marrazkilariak Ignacia baino lehenago zeudela pentsa dezakegu, baina haien lanak anonimoki egiten zituzten, eta ez zuten argitaratzeko aukerarik izaten. Ignacia Zabalok, berriz, ezizena erabili zuen, baina oso berezia. Nor-Nai zen, izenik ez balu bezala, edonor balitz bezala, bere izenak berdin izango balu bezala.
Ignacia Zabalo mugarria izan zen, ordea. Hala ere, ezin izan zuen bere lana biribildu. Izan ere, 1931n Bartzelonara bizitzera joan zen, eta 1939an, etxeko atarian harrapatu zuen bonba batek. Ignacia Zabalo Ballarin 34 urterekin hil zen, eta harekin batera Nor-Nai.