Udalak hiru milioi euro bideratuko ditu 2022ko eta 2023ko partaidetza aurrekontuetarako
Donostiako Udalak 2022 eta 2023 urteetarako partaidetza aurrekontuen prozesua abiatu du, hiru milioi euroko aurrekontuarekin, 1,5 milioi euro urte bakoitzeko. Aurrekontu horretan ez da sartzen Ekialdeko Barrutiak (Altza, Intxaurrondo, Bidebieta eta Herrera) bere auzoetako proiektuetarako bideratzen duen dirua. Koronabirusaren krisiarekin, partaidetza aurrekontuak bertan behera utzi zituen udalak, baina orain berrartu egin ditu.
Astelehenetik, martxoaren 1etik aurrera, udalak egitasmoa aurkeztuko die herritarrei, eta proposamenak jasotzen hasiko da. Lehen fase horretan, udalak Osoigo Internet bidezko plataformatik egingo ditu bilerak herritarrekin, osasun egoera dela eta ezin baitira aurrez aurre egin. Horretaz gain, digitalizazioak herritar batzuk prozesutik kanpo ez uzteko, udalak auzo elkarteen laguntza izango du, partaidetza aurrekontuak bizilagun guztietara heltzeko.
“Partaidetzazko Aurrekontuen prozesu horri esker, herritarrek hiriaren eta auzoen beharrei buruz gogoeta egin ahal izango dute, baita hainbat esparrutan hobekuntzak proposatu ere. Ariketa hau herritarren partaidetza politika sostengatzen duen sistemaren baitan dago eta gobernuaren ordezkaritza lanarekin osagarri da, hiriko politika eta proiektu publikoak eraikitzerakoan”, azaldu du udalak.
Honakoak izango dira partaidetza aurrekontuen faseak: prozesuaren aurkezpena eta aktibazioa (martxoaren 1etik 21era), herritarren proposamenak (martxoaren 15etik 28ra), proposamenen azterketa (apirilaren 12tik ekainaren 6ra), proposamenak argitaratzea (ekainaren 7tik 13ra), proposamenak bozkatzea (ekainaren 14tik 27ra) eta emaitzen jakinarazpena eta jarraipena (ekainaren 28tik aurrera).