Amaran lan egin eta bizi nahi dutela aldarrikatu dute hainbat eragilek
Ehun pertsona inguru bildu dira gaur goizean Amarako kaleetan, auzoko eragileak lokaletik kanporatu nahi dituztela salatuz. Joan den urriaren 28an Moxolo gazte elkarteak, Amara Kirol Elkarteak, Mamur haurrentzako aisialdi taldeak, Amarako jai batzordeak eta Amara Bai auzo elkarteak erabiltzen duten lokaletik bota zituzten, eta salatu dute udalak eskainitako alternatibek “auzoko eragileak Amaratik botatzeko helburua” dutela.
Bestalde, amaratarrek auzoan bizitzeko dituzten arazo eta oztopoak azpimarratu dituzte: “Amaratarrok, eta bereziki gazteok, ez dugu auzoan bizitzerik. Ez dugu bertako alokairua ordaintzeko edo bataz beste 4.467 €/m2 balio duten etxeak erosteko ahalmenik; eta, beraz, auzotik kanporatzen gaituzte”. Bestalde, azken urteetan auzoan eragin “suntsitzailea” izan duten hirigintza proiektuak salatu dituzte: “San Bartolome-Muinoa makroporiektua, Donostiako metroa, Arroka plazako frontoiaren suntsipena, azken urteetan eraiki dituzten hiru hotelak eta Azorak kaleratuko dituen Osasun kaleko bizilagunak adibide garbiak dira”.
Auzoko mugimendu eta kolektibo guztiak azpiegiturarik gabe uztea eta poliziaren kontrol soziala areagotzea “auzotik kanpo nahi gaituztenaren seinale direla” ere adierazi dute, eta aurrean izango dituztela gehitu dute: “Gure ondare historiko, kultural eta sinbolikoa ezabatu nahi dutenei: Gurekin jai duzue!”. Auzotarrentzat eta auzoko eragileentzat espazioa aldarrikatzen jarraituko dutela esanez amaitu dute mobilizazioa.