Etxebizitza eskubidea defendatzeko kanpaldia hasi dute Bulebarreko Kioskoan
Hainbat etxegabek kanpaldi mugagabea hasi dute Bulebarreko Kioskoan, etxebizitza eskubidea defendatzeko. Estatu mailako Nadie Sin Hogar (Inor Ez Etxerik Gabe) kolektiboak antolatu du kanpaldia, kalean bizi diren pertsonen egoera ikustarazteko eta Espainiako Estatuan negoziatzen ari diren Etxebizitza Eskubidearen Legean esku hartzea eskatzeko.
Donostiako eta orokorrean Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona etxegabeen egoera Zerbitzu Sozialen Legearen aurkakoa dela adierazi dute: “Aterpeetan 90 egunetatik hirutan bakarrik egin dezake lo kalean bizi den pertsona batek, eta horrek ez du kaleko egoeratik ateratzen uzten. Hau gurpil zoro bat bihurtzen da, eta legearen aurka doa. Agintarien betebeharra da legea betetzea eta gure osasuna eta eskubideak lehenestea, eta ez dute egiten”.
Estatuan Gijonen ere egiten ari dira kanpaldia, eta datozen egunetan Murtzian hasiko dute ere. Gehienez 30 eguneko baimena dute, baina adierazi dute legeak etxebizitza eskubidea bermatu arte ez direla joango, eta luzapena eskatuko dutela. 50 plataforma baina gehiago batu dira deialdi honetara estatuan, eta iniciativaleyvivienda.com webgunea martxan jarri dute haien eskakizunak zabaltzeko.
Emendakina
Hainbat hiritan egingo duten kanpaldi hauen helburu nagusia legearen idazketan pertsona etxegabeen ahotsa entzutea da, baita esku hartzea izatea ere. Hau dela eta, lege berriak gutxienez ondorengo zortzi puntuak bildu beharko lituzkeela adierazi dute:
- Legeak etxebizitza duin, eskuragarri eta egokirako sarbidea bermatu behar du.
- Alternatibarik gabeko pertsonen etxegabetzeak guztiz geratzea.
- Alokairu publikoko etxebizitza parkea handitzea.
- Alokairuen prezioaren erregulazioa, lurralde bakoitzaren bataz besteko soldataren arabera.
- Ura, gasa, argindarra eta telekomunikazioak bermatzea.
- Hipoiteka zordunei bigarren aukera bat bermatzea.
- Etxebizitza sozial eta etxebizitza politiketarako aurrekontua handitzea.
- Hirigintza eta etxebizitza politiketan biztanleriaren parte hartzea bultzatzea.