Donostiako Udalak ez du bat egingo martxoaren 8ko manifestazioarekin, "osasun-egoeragatik"
Donostiako Udalak ez du bat egingo Donostiako Asanblada Feministak martxoaren 8rako deitutako manifestazioarekin; bai, ordea, Emakumeen Etxeak. “Udalak beti egin du bat manifestazioaren deialdiarekin, baina aurten, ordea, osasun-egoeraren ondorioz, instituzio moduan geure aldarrikapenak beste modu batez egin beharko ditugu. Mugimendu feministak manifestazioa antolatu du, eta Emakumeen Etxea han egongo da, baina donostiarrei eskatuko nieke arduraz jokatzeko eta bakoitzak norbere erantzukizunez eta askatasun osoz erabakitzeko manifestazioan parte hartu ala ez. Guk, instituzio moduan, uste dugu aurten ez dela garaia”.
Hala ere, hainbat elkarterekin elkarlanean, egitarau zabala osatu dute udalak eta Emakumeen Etxeak Emakumeen Nazioarteko Egunerako. Esaterako, Haurralde fundazioak, Emakume Musulmanen Elkarteak, BeKoz Beko elkarteak, eta Malen Etxeak antolaturik, El Opresor tiene Nombre izeneko performance bat egingo dute Katalunia plazan, 11:30ean. Emakumeen Etxeak autodefentsa feministako hainbat ikastaro ere eskaintzen ditu, eta martxoaren 7an Me too antzezlana eskainiko dute Ainhoa Aierbe eta Tessa Andonegi aktoreek Larrotxene kultur etxean, 18:00etan. Egitarau osoa Berdintasun saileko webgunean dago.