Martxoaren 8rako, ikastetxeetan egitarau zabala prestatu dute Intzirik eta Ikamak
Astebete baino ez da gelditzen martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunerako, eta Intziri Neska* Gazte Taldeak eta Ikama ikasle antolakundeak euren egitaraua aurkeztu dute dagoeneko, Ikastetxeak indarrak batuz lelopean.
Donostiako lau ikastetxetan egingo dituzte jarduerak: Zurriolan, Usandizagan, Luberrin eta Xabier Zubiri Manteon.
Zurriolan, talde argazki bat egingo dute, goizeko lehenengo patio orduan. Usandizagan, 13:00etan ikastetxearen kanpoaldean elkartuko dira, eta argazkia egiteaz gain, Euskal Herriko mugimendu feministaren genealogia ikastaroa egingo dute. Luberrin, ikastaro hori bera egingo dute 13:15ean, eta 14:40ean elkarretaratzea eta argazkia egingo dituzte. Xabier Zubiri Manteori dagokionez, 11:40ean talde argazkia egingo dute jolastokian, eta Batxilergoko ikasgela guztietan mugimendu feministaren inguruko ikastaroak egingo dituzte 12:10etik aurrera.