Txuri Urdinek ligako bigarren postuan bukatu du, Milenio Panthers garaituta
Realeko eta Txuri Urdineko neskak izan dira garaipena eskuratu duten Donostiako talde bakarrak. Realeko mutilek gaur jokatuko dute.
Ez da asteburu bereziki ona izan talde donostiarrentzat, albiste on bakarrak izotz hockeytik eta futboletik heldu baitira. Lehenengoaren kasuan, Txuri Urdineko neskek Milenio Panthers taldea hartu zuten etxean atzo, eta erraz irabazi zuten: 5-0. Horrela, ligako bigarren postuan bukatu dute denboraldiko lehenengo fasea. Liga eskuratzeko play off-a asteburu honetan hasiko dute, Puigcerdaren aurka; hilaren 6an eta 7an jokatuko dute.
Realeko neskak ere argi gailendu ziren Madrilen aurka, 3-1 irabazi baitzuten talde espainiarra Zubietan. Marta Cardona Real Madrileko jokalariak ireki du markagailua, baina Sanni Franssi finladiarrak hamabi minutura berdindu egin du partida. Bigarren zatian, Nerea Eizagirrek aurretik jarri ditu txuri-urdinak, eta Franssik 83. minutuan bere bigarren gola egin eta partida itxi du. Realeko mutilek gaur, hilaren 1ean, jokatuko dute; Real Madrilen etxera joan beharko dute, 21:00etan.
Saskibaloian bi porrot argi izan dira talde donostiarrentzat: Ibaeta Basketek ezin izan zuen garaipenarengatik lehiatu Kanaria Handiaren aurka Gaskan, eta 73-86 galdu zuen. Gipuzkoa Basketek ere ezin izan zuen ezer egin euskal derbian, eta 74-97 erori zen Bilbao Basketen aurka.
Eskubaloian, Bera Berak ez zuen oso partida ona jokatu, eta puntu bat baino ez zuen atera Zuazoren aurkako norgehiagokatik.
Azkenik, belar hockeyan, Realeko neskek partida parekatua izan zuten Terrassaren aurka, baina, azkenean, katalanak gailendu ziren, 1-0.
FUTBOLA
Emakumezkoen Lehen Maila, 19. jardunaldia:
Reala 3 – Real Madril 1
Gizonezkoen Lehen Maila, 25. jardunaldia:
Real Madril – Reala (Astelehena, 21:00)
SASKIBALOIA
Emakumezkoen Lehen Maila, 25. jardunaldia:
Ibaeta Basket 73 – Kanaria Handia 86
Gizonezkoen Lehen Maila, 22. jardunaldia:
Gipuzkoa Basket 74 – Bilbao Basket 97
ESKUBALOIA
Emakumezkoen Ohorezko Maila, 11. jardunaldia:
Bera Bera 25 – Zuazo 25
BELAR HOCKEYA
Emakumezkoen Ohorezko Maila, 14. jardunaldia:
Terrassa 1 – Reala 0
IZOTZ HOCKEYA
Emakumezkoen Hockey Liga, 18. jardunaldia:
Txuri Urdin 5 – Milenio Panthers 0