Ekain hasieran irekiko dute Santa Klarako itsasargia 'Hondalea' eskultura bisitatzeko
Cristina Iglesiasek Santa Klara uharteko itsasargian egin duen esku hartze artistikoa ekaineko lehen astetik aurrera bisitatu ahal izango da. Eneko Goia alkateak aurreratu duenez, bisitak orduerdi ingurukoak izango dira, eta hamabost pertsonako taldetan banatuta. Hondalea eskultura ikusteko hitzordua aurrez hartu beharko da Internet bidez, eta sarrera doakoa izango da.
Ekaineko lehen astean hainbat jarduera antolatuko dituzte artelanaren aurkezpenarekin loturikoak. Donostiako Aquariumean Kostalde arrokatsua: ekologia, artea eta geologia izeneko nazioarteko simposium bat egingo dute. EHUk eta Udako ikastaroen antolatuko dute, eta James Lingwood adituak zuzenduko du, Azti eta Plentziako Itsas Estazioaren laguntzarekin.
Horrekin batera, San Telmo Museoak Hondalea esku hartze artistikoari buruzko erakusketa bat egingo du. Erabilitak material originalak eta artelanaren prozesu sortzailearen gaineko dokumentazioa ikusteko aukera egongo da, baita ere Iglesiasek berak ekoiztutako ikus-entzunezko materiala. Bideo baten bidez, artista donostiarrak uhartera bidaia eta bisita azalduko ditu.
Lanekin bukatzen ari dira
Behin itsasargiaren etxean obra zibila amaituta, etxearen inguruan eta sarreretan ari dira lanak egiten. Hurrengo asteetan lan horiek guztiak bukatzen joango dira, eta ondoren, itsasargiaren barruan hainbat froga egingo dituzte dena ondo funtzionatzen duela ziurtatzeko.
Iglesiasek eskultura multzoa sortu du itsasargian. “Hausnarketa egiteko gunea izango da. Izan ere, Donostiako badiaren behealdea islatu nahi izan du brontzezko baso handi baten bidez. Baso honek ura izango du, itsasaldien erritmoari jarraituz. Bisita esperientzia modura planteatuta dago, eta han esku hartze artistikoaren eta ingurumenaren, itsasoaren eta kostaldearen defentsaren elkarrizketa islatu nahi da”, azaldu du udalak.