Hiriko hamalau kaleren asfaltoa berrituko dute
Donostiako Udalak asfaltatze kanpaina berri bat onartu du, eta horren bidez hiriko hainbat auzotako hamalau kaleren asfaltoa berrituko dute. Era berean, hainbat galtzadetako zuloak konpontzeko lanak egingo dituzte. 312.477 euroko aurrekontua du, eta hamabost asteko epean egin beharko dira lanak.
Zolatu beharreko kaleak hautatzea bide publikoen udal zerbitzuaren ikuskapenen, Udaltzaingoaren beraren txostenen eta herritarren iradokizunen emaitza da. Asfaltatuko diren kaleen zerrenda ondorengoa da:
- Heriz pasealekua (39 eta 69 zenbakien artean)
- Brunet kalea (Beatriz infantaren eta Wiesbaden kalearen artean)
- Wiesbaden Kalea (osorik)
- Logroño kalea (osorik)
- Ategorrietako Galtzada Zaharra (partziala)
- Casares pasealekua (partziala)
- Okendo kalea (motorren aparkalekua)
- Larramendi kalea (Urbieta eta Prim kaleen arteko aparkalekuak)
- Ametzagaña kalea (47. eta 68. zenbakien arteko zatia)
- Baztan kalea (partziala)
- Gabriel Aresti pasealekua (partziala)
- Kolon pasealekua (partziala)
- Zurriola etorbidea (partziala)
- Ur Kirolak biribilgunea (Aloña mendilerroa, 1)
Gainera, zuloak estaliko dira honako kale hauetan: Aieteko Lazkano pasealekuan eta Pio Baroja kalean; Altzako Larratxo pasealekuan, Txapiñene kalean, Casares pasealekuan eta Jose Elosegi hiribidean; Antiguako Gantxegi bidean, Heriz pasealekuan, Zumalakarregi hiribidean, Erregezaintza kalean, Mikelete pasealekuan eta Beatriz Infantaren kalean; Groseko Bermingham kalean; Ibaetako Tolosa hiribidean, Igara bidean eta Olarain kalean; Mirakruz-Bidebietako Pasai San Pedro hiribidean eta Jose Elosegi Alkatearen hiribidean.