10 koronabirus kasu positibo Donostian
Intzidentzia metatua 116,23koa da gaur, eta behera egiten jarraitzen du. Bost osasun-eremutan egin du behera intzidentzia metatuak: Bidebietan, Egian, Parte Zaharrean, Altza-Rotetan eta Grosen. Amara-Erdialdean, berriz, gora egin du.
Eusko Jaurlaritzak argitaratu berri dituen datuen arabera, 10 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo. Horrela, intzidentzia metatua 116,23koa da gaur, eta behera egiten jarraitzen du. Izan ere, atzo intzidentzia metatua 121,17koa da zen, eta astelehenean, berriz, 130,49koa. Hirian aste batzuk daramatza behera nabarmen egiten. Otsaila gune gorrian murgilduta hasi zuen Donostiak, eta orain eremu horian dago.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatze abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan.
Joan den astean 100 urtetik gorako pertsonek jaso zuten txertoa, eta aste honetan 90 urtetik gorakoekin hasiko dira Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Gainera, Osakidetzak espazio handietako txertaketa prozesuari ekingo dio aste honetan, Illunbeko zezen plazan abiatu duen probaldi fasearekin. Hezkuntza arloko 55 urtetik beherako langileak –irakasleak eta jangeletako langileak– txertatuko dituzte Illunben, Astra Zeneca txertoarekin. Era berean, Sagarduik azpimarratu du balitekeela Donostialdeko ESI-aren irizpideen arabera hautatutako beste kolektibo batzuk ere Illunben txertatzea. Bestalde, Donostian herenegun hasi ziren udaltzainak, suhiltzaileak eta mugikortasun agenteak txertatzen; guztira, 400dik gora langilek jasoko dute txertoa.
Gainera, mugakide diren udalerrien artean mugikortasuna baimenduta dago jarduera sozio-ekonomikoak egiteko eta aire zabalean kirola egiteko. Donostiako bizilagunek ondorengo udalerrietara joateko baimena dute: Orio, Usurbil, Lasarte-Oria, Andoain, Zizurkil, Hernani, Astigarraga, Errenteria eta Pasaia.
Intzidentzia osasun eremuka
Bost osasun-eremutan egin du behera intzidentzia metatuak: Bidebietan, Egian, Parte Zaharrean, Altza-Rotetan eta Grosen. Amara-Erdialdean gora egin du, eta gainerako bost osasun-eremuetan berdin mantendu da:
- Bidebieta: 208,13
- Egia: 155,55
- Ondarreta: 135,30
- Parte Zaharra: 130,06
- Aiete: 112,31
- Intxaurrondo: 105,15
- Altza-Roteta: 86,76
- Gros: 84,43
- Amara-Erdialdea: 73,45
- Amara Berri: 70,76
- Loiola: 68,14
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara-Erdialdea: 2
- Amara Berri: 2
- Parte Zaharra: 1
- Gros: 1
- Egia: 1
- Intxaurrondo: 1
- Ondarreta: 1
- Aiete: 0
- Altza-Roteta: 0
- Bidebieta: 0
- Loiola: 0