2020an %16 jaitsi da Airbnb plataformako etxebizitza turistikoen eskaintza Donostian
Pandemiaren eraginez, 2020an asko murriztu da turismoa, eta Donostiaren moduan bisitari asko jaso ohi dituzten hirietan eragin nabarmena izan du turismoaren beherakadak. Horregatik, Haritik Hirira geografo taldeak Airbnb plataformako datuak bildu ditu Inside Airbnb atariaren bidez, eta auzoz auzo kartografiatu ditu.
Airbnb da etxebizitza turistikoen plataforma nagusia, eta Haritik Hirirakoek argitaratutako datuen arabera, 2019ko abenduaren 31n 1.569 etxebizitza eskaintzen zituen Donostian. 2020ko abenduaren 31n, aldiz, %16,44 murriztu da kopurua, 258 etxebizitza gutxiago eskaini baititu: 1.311. Hurrengo grafikoan ikus daiteke etxebizitza turistikoen jaitsiera auzoz auzo, 2019tik 2020ra (Parte Zaharra Erdialdean sartuta dago). “Turismoaren beherakadarekin, Airbnb eskaintza ere ugari murriztu dela egiaztatu dugu. Ziurrenik, eskaintza asko alokairura pasa dira, baina ezerk ere ez du bermatzen pandemia egoera hobetzen denean berriz ere etxebizitza turistiko izatera pasako ez direnik”, gaineratu du geografo taldeak.
Etxebizitza turistikoen kokapena ere aintzat hartu dute geografoek, eta osatu duten mapan argi ikusten da gehienak hiriaren erdigunean daudela kokatuta: Erdialdean, Parte Zaharrean eta Grosen. Hiriaren ekialdean, ordea, ez dago ia etxebizitza turistikorik, eta Amara Berritik eta Antiguatik harago ere oso gutxi daude. Haritik Hirirakoek Inside Airbnb ataritik ateratako datuen arabera, Donostian gaueko 139 eurokoa da etxebizitza turistiko baten alokairuaren prezioa. Alokairuaren merkatuari buruzko hausnarketa ere egin dute Haritik Hirirakoek: “Alokairuaren merkatuaren liberalizazioak, Airbnbren moduko enpresen esku-hartzearen faboratu du, alokairuaren prezioen gorakada eraginez. Ondorioz, alokairua eskuratzeko oztopoak areagotu dira eta etxebizitzaren auzia larriagotzea eragin du”.
Bilboko datuak ere aztertu dituzte geografoek, eta han ere jaitsiera nabarmena izan da 2020an, baina Donostia baino hiri handiagoa izanda ere, etxebizitza turistiko gutxiago daude hiriburu bizkaitarrean: 2019ko abenduaren 31n 1.207 etxebizitza eskaintzen ziren Airbnb plataformaren bidez, eta 2020ko abenduaren 31n, aldiz, 987; hau da, 220 etxebizitza gutxiago, %18,2ko beherakada.
Askotariko ikerketak egiten ditu Haritik Hirira taldeak. Otsailean, esaterako, Donostiako kirol apustu makinen kopurua eta kokapena aztertu zuen, eta auzoz auzoko datu sozioekonomikoekin alderatu zituen, ondorio argi bat ateraz: apustu makina gehienak errenta baxuena eta langabezia altuena duten auzoetan daudela.