Firestone lantegi berreskuratua aurrerago hustuko dute
Añorga Txikiko Firestone-Iframe lantegi berreskuratua datorren astelehenean, martxoaren 8an, hustekoak ziren, baina hango bizilagunek jakinarazi dutenez, husteko agindua atzeratu egin du eraikinaren jabeak. Oraindik ez dute zehaztu eraikina husteko data berria, baina lantegi berreskuratuko bizilagunek nabarmendu dute gunea babesteko mobilizatzera deituko dutela. Eraikina husteko agindua atzeratzen duten bigarren aldia da, otsailaren hasieran jaso baitzuten lehenengo agindua, baina martxoaren 8ra atzeratu zuten azkenean.
Duela gutxi, udalak Añorgako Geltokia azpieremuko plan berezia onartu zuen. Lantegi berreskuratua dagoen eremuko pabiloiak eraistea aurreikusten du, eta leku horretan 248 etxebizitza eraikiko dituzte. Horietatik, 156 libreak izango dira eta 92 sozialak –46 babes ofizialekoak eta 46 babes tasatukoak–.
Eraldia mugimenduaren bidez, 2015eko maiatzaren 1ean okupatu zuten 200 bat lagunek Firestone-Iframe lantegi zaharra, inguruko herri mugimendua saretzeko eta ekoizpenerako bideak langileentzako berreskuratzeko helburuarekin.