Gipuzkoako Aldundiak Txara I zaharren egoitza itxiko du
Azken hamar urteetan Utilidades Convivenciales Txara I enpresen elkargoak kudeatu du Intxaurrondoko zaharren egoitza, baina itxi egingo dute martxoaren 31n, kontratua amaituko baita. Egoitzaren hamabost egoiliarrak beste erresidentzia batzuetan birkokatuko dituzte, baina egoitzan lan egiten duten hamasei beharginak kaleratuko egingo dituzte. Aimar Etxeberria ELAko Donostiako Erresidentzien arduradunak adierazi duenaren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabakia behin betikoa da, eta langileei ez diete alternatibarik eskaini.
“Astelehenean adierazi ziguten kontratua berritzeko asmorik ez zutela, eta egun hauetan hiru aldiz deitu diegu bilera eskatzeko, baina ukatu egin dute eskaera. Egoiliarrekin ere ez zuten hitz egin, langileek esan behar izan zieten lekuz aldatuko zituztela. Prozesu honetan egon den informazio falta eta gardentasun eza salatzen dugu”, adierazi du Etxeberriak. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak azpikontratatutako enpresari espreski eskatu dio azken hamar urteetako lan harreman guztiekin amaitzea, Etxeberriaren hitzen arabera.
Itxieraren arrazoia
Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi duenaren arabera, kontratua ez berritzearen arrazoi nagusia eraikinean egin behar dituzten lan batzuk dira. Etxeberriak aitzakia bat dela esan du: “Lanen arrazoia aitzakia bat da; izan ere, lanak egin behar dituen enpresaren eta aldundiaren arteko azken bileran adostu zuten lanak 2022ko irailean hasiko dituztela”.
Txara II eta Aldakoneako erresidentzien kontratuak ere martxoaren 31n amaitzen direla adierazi du Etxeberriak, baina kasu hauetan kontratuak 2022ko irailera arte luzatu dituzte: “Ez dugu ulertzen zergatik luzatu duten kontratua erresidentzia hauetan eta ez Txara I-en”.