Industria hondakinak Zubietan erretzearen alde agertu da Asensio
Eusko Jaurlaritzak industria hondakinak Zubietako erraustegian erretzeko aukera ahalbidetu zuen duela bi aste inguru. Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen Diputatua horren alde agertu da gaur, Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Berria egunkariak egin du saioaren jarraipena.
Ingurumen baimen bateratuan (IBB) egindako “aldaketa” babestu du Asensiok, EH Bilduren galdera bati erantzunez. Hiri hondakinak kudeatzeko azpiegitura bat da Zubietakoa, eta jasotzekoak diren industria hondakinak “parekagarriak” direla adierazi du. Europako 2018ko Hondakinen Zuzentarauak hiri hondakinak zeintzuk diren zehaztu duela azpimarratu du EH Bilduko batzarkide Ainhoa Intxaurrandietak: “Eta orain erreko direnak ez dira hiri hondakinak; eta ez dit balio esateak hiri hondakinen antzekoak edo asimilagarriak direla”.
Asensiok adierazi du Gipuzkoako Hiri Hondakinen 2019-2030 planak aurreikusten duela “hondakin korronte horien” kudeaketa planifikatzea; “tartean, industria hondakinenak”. Aldaketa justifikatzeko argudiatu du GHK-k zerbitzua ematen diela horretan ordezkatuta dauden mankomunitateei. “Azpiegiturak erantzun behar die mankomunitatearen eskaerei. Zer egingo dugu? Ez diegu zerbitzurik emango?”.